Napoleonen tropak Tolosan sartu zirenekoa hobeto ezagutzeko gunea

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urr. 30a, 21:23
Mikel Alberdi, Ibai Iriarte. Ikerne Badiola eta Inesa Aristimuño, erakusketaren aurkezpenean. ITZEA URKIZU
Donostia 2016ko jardueren barruan, abenduaren 15era bitarte zabalik izango da erakusketa, Aranburu jauregian.

«Etorkizuna eraikitzeko iragana ezagutu behar da», Tolosako alkate Ibai Iriarteren ustez, eta bide horri eutsi nahi izan dio, 1808-1813, Inbasio napoleonikoak erakusketak. Donostia 2016 fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, eta Zumalakarregi museoak ekoitzita, datorren abenduaren 15era bitarte ikusgai izango da, Aranburu jauregian.
Donostia 2016ko Inesa Aristimuñok Bake Ituna egitasmoari garrantzia berezia eman dio, historia ezagutzeaz gain, «elkarbizitzarako gakoa» delako. Bide horretan, foru aldundiko Ikerne Badiolak ere ardatz berari eutsi dio, eta bakearen inguruko hausnarketak sustatzeari garrantzia eman dio: «Gai ezagun batez ari da erakusketa, eta bakerantzako eta normalizaziorako hausnarketan, gogoan izan behar dira horrelakoak».
Honegatik guztiagatik, hiru ordezkariak bat etorri dira Donostia 2016 egitasmoaren lurralde izaera nabarmentzerakoan, eta Donostiatik harago, gipuzkoar guztien zerbait dela diote. Horrela, Irunen estreinatu zuten erakusketa Tolosan ikusgai izango da, eta Bergarara eramango dute, abenduan.

Tolosan, gune estrategiko
Izenburuak dion moduan, erakusketak Napoleonen tropen inbasioen garaia du hizpide, eta Tolosa gune nabarmena izan zen garai hartan, besteak beste, kokaleku estrategikoagatik, eta errege-bidean zegoelako.
Frantziarrek Gipuzkoa inbaditu zuten, eta tropen pasabidea izan zen lurraldea. Aliatuak izan ziren, lehenik, Portugalera begira jartzeko; gero, ordea, 1808tik 1813ra bitarte, etsaiak izan ziren frantziarrak, Gipuzkoarentzat.
Horrela, 1808tik aurrerako gertaerak dokumentu historiko, ikus-entzunezko, argazki, koadro eta material arkeologikoaren bidez kontatuko dizkiete bisitariei, bost ardatz nagusitan: inbasioa, gerrilla, frantsestuak, Cadizko konstituzioa eta  Gipuzkoako batailak. Azken zati honetan, Gasteizko, Donostiako eta San Martzialeko batailez gain, Tolosakoaren inguruko zehaztapenak ezagutzeko aukera ere izango da.
Aipatzekoa da, orain arte argitara gabeko material arkeologikoa ikusgai izango dela. Garai hartan bi ospitale zeuden Tolosan, eta Aranzadi Zientzia Elkartekoek horregatik aurkitu zituzten hainbeste eskeleto. Mikel Alberdi komisarioaren arabera, «material honek argi erakusten du Tolosak inbasio honetan izandako garrantzia estrategikoa, gendarmeriaren soldadu-talde batentzat eta Napoleonen tropentzat bi ospitale izan zirelako, besteak beste».
Napoleonen tropena bost urteko okupazioa izan zen Tolosan, eta 1.600 lagun inguru hil ziren, guztira. Horrez gain, emakumeak bortxatu zituztela eta gizonezkoak armadan sartzera behartu zituztela ere azaldu dute antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!