Tolosako musikarien ondarea jasoko duen bilduma abiarazi du, Hodei abesbatzak

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urr. 30a, 18:55
Enrike Bello eta David Azurza, diskoaren aurkezpenean. ITZEA URKIZU
‘Agur Jesusen ama’ diskoa grabatu dute Gorriti, Mokoroa eta Azurzaren erlijiozko hainbat obrarekin.

Agur Jesusen ama izena hartu du, Tolosako Musika Sakroa bildumako lehen diskoak. Hodei abesbatzak David Azurzaren gidaritzapean grabatu ditu obrak, eta Gerardo Rifón aritu da organoan.
Egitasmoa 2004. urtetik dator. Orduan hil zen Javier Bello Portu musikaria, eta bere senideek haren partiturak eta obrak grabatu eta ezagutarazi nahi izan zituzten. Horrela, Javier Bello Portu kultur egitasmoa sortu zen; Bello Porturen obra zabaltzeaz gain, Tolosako musikarien lanak bildu eta kalitate onean grabatzeari ere garrantzia eman diote, eta bilduma hau da ideia horien fruituetako bat. Horrela, Tolosarekin harremana izan zuten eta musikarien erlijio-musikazko lan batzuk jaso dituzte, etorkizunean gehiagorekin jarraitzeko itxaropenez.
«Tolosa oso herri aberatsa da, eta musikan altxor bat du XIX. mendetik hona. Euskal Herrian eta Espainian ez da bilduma propio bat egiteko adina obra dituen herririk izango», azpimarratu du Azurzak. Felipe Gorritik eta bere ikasleek XIX eta XX. mendeen artean eraturiko musikagile eskolaren ondarea berreskuratu eta gorde nahi ditu elkarteak, beraz; Eduardo eta Ignacio Mokoroa, Javier Bello-Portu eta Joaquin Pildain izan ziren Gorriti maisuaren ikasle nabarmenenak.
Horrela, Tolosako autoreen obra berreskuratze horretan, partiturak zehaztapen osoz jarraitu, eta sei lan bildu dituzte diskoan: Gorritiren Agur Jesusen ama, Tolosan oso ezaguna dena; Gorritik Santa Klarako organoaren estreinaldirako espreski konposaturiko hiru ahotsetako meza; Gorritiren Tota Pulchra; Mokoroaren Tolosa-eliz barrutiko lenengo eukaristi-batzarreko ereserkia; David Azurzaren Birjiña maite; eta azkenik, Azurzaren Ave Virgo Sanctissima.
Ostiralean bertan hasiko da Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa, eta egitasmoa aprobetxatuz, Leidorren salgai izango da diskoa, 10 euroren truke. Honez gain, hodeitolosa@gmail.com helbidera idatzita ere, Agur Jesusen ama eskuratzeko aukera izango da, abesbatzako kideei eurei eskatuz.

Felipe Gorritiren '3 ahots berdinen eta organoaren meza (Santa Klarako meza)' obraren 'Kyrie' abestia:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!