Mikel Gorrotxategi: «Toponimia gizarte zehatz batek ematen du, eta gizartearen ispilu da»

Itzea Urkizu 2013ko urr. 29a, 18:10
Zergatik da Izaskun pertsona izena, eta ez Tolosa? Galdera honi eta beste hainbati erantzuteko gakoak eskainiko ditu, gaur, Mikel Gorrotxategik, Tolosan.

Euskaltziandiako Onomastika Batzordeko arduraduna eta idazkaria da Mikel Gorrotxategi, eta Tolosatik Izaskunera. Gure leku izenen, deituren eta pertsona izenen historia hitzaldia eskainiko du, gaur, 19:30ean, Tolosako pleno aretoan.

Zein da zure jarduna Euskaltzaindian?
Alde akademikoa eta praktikoa daude. Batetik, onomastika batzordearen lan, material eta arau-gaiak prestatzen laguntzen dut: santu izenak, deiturak,... Eta, bestetik, nire lana Euskaltzaindiara etortzen diren galderak erantzutea da. Galdera hauek partikularrak izaten dira batzuetan; adibidez, ume baten izena erregistroan eman behar denean, izena egokia den ala ez galdetzen digute gurasoek. Deiturak euskaraz jartzeko ere kontsulta asko egiten dizkigute, eta, azkenik, administrazioetako eskaerei erantzuten diegu, bereziki udal batek zerbait seinalizatu nahi duenean-eta.

Akademiaren jardunetik, herritarrengandik gertuen dagoen saila al da zuena?
Bai, bai, erabateko lotura du. Pertsona izenak edo deiturak direla eta, herritar askok deitzen dute, eta erregistroetatik ere deitzen digute zuzenean. Egunero etortzen da zalantzak dituen norbait: «Izen bat entzun dut, eta ez dakit euskarazkoa ote den», «Deitura euskaratu nahi dut eta zalantzak ditut» edo «Euskaltzaindiak proposaturiko izena ez zait gustatzen eta azalpen bat nahi dut». Hizkuntza akademietako onomastika zerbitzuak herritarrekin harreman zuzena daukatenak dira.

Erantzunak emateko, zein bide irekitzen dituzue?
Gu ez gara nor izen bat jartzeko, orduan, udal batek, izen egokia jartzeko irizpideak zein diren galdetzen digu, edo izen baten idazkera zuzena zein zen galdetzen digu. Kale baten izena hautatzeko, adibidez, toponimoa erabiltzea gomendatzen dugu, hori delako, de facto, Nazio Batuen Erakundearen gomendioa. NBEk ere gomendatzen du, bizi den inoren izenik toponimo gisa ez erabiltzea, eta hori legez debekatzea; areago, pertsona baten heriotzetik urte batzuk pasatu behar dutela diote, bere izena kale edo plaza bat izendatzeko erabili ahal izateko.

Hau betetzen al da?
Euskal Herrian eta Espainian hori ez da betetzen, eta oso tipikoa izaten da, herriko norbait ezaguna denean kale bat hari eskaintzea. Gero, hainbat arrazoirengatik politikariek aldatu egiten dituzte izen horiek. Guk, beraz, irizpideak ematen ditugu. Bide beretik, izenen erabileraren inguruko gomendioak ere ematen dizkiegu erakundeei.

Izen korapilatsuegiak-eta saihesteko, adibidez?
Hori da. Adibidez, Caracas-eko Gipuzkoako Errege Konpainia izena oso polita izan liteke aipu baterako, baina behar bada ez da egokiena kale bati jartzeko. Beste adibide bat Bilbokoa da: Beata Sor María de Falces, fundadora de asesoras de Corazón de María izena jarri zioten kale bati. Oso polita izan liteke izendapena, baina gero, kalearen xafla egin behar da, eta jendeak erabili egin behar duela pentsatu behar da, bai ahoz edo baita herritarren nortasun agiri eta antzekoetan ere.

Gaizki ulertuak sortzen dira toponimoekin, beraz.
Bai. Gogoan dut Donostian bazela Bilintx bertsolariaren kalea; gazteleraz, Calle del bersolari Bilintx. Erdaldunek «Calle del bersolari» deitzen zioten. Era berean, oso tipikoa izaten da herri bateko kale batek, pertsona baten izena eta deitura izatea, beste batek izena eta lanbidea, beste batek izen-deiturak eta lanbidea... Hori arrazionalizatu egin behar da, erabilera errazteko.

Diglosi egoerak ere eraginik badu, beraz, toponimia aukeratzerakoan.
Errealitate bat da hemen bi hizkuntza ditugula, beraz, norbaitek Etxaniz suhiltzailearen kalea / Calle del bombero Etxaniz jartzen badu, Google-ko bilaketetan, bai ala bai, Calle del bombero Etxaniz agertuko da, edo okerragoa dena, Calle Etxaniz suhiltzailearen. Horrelakoak gertatzen dira, eta guk aholkuak eman behar ditugu saihesteko.

Zer entzun ahal izango dute hitzaldira bertaratzen direnek?
Pertsona guztiok dugu izena, eta guztiok erabiltzen ditugu izen batzuk. Gure inguruan toponimoak ere baditugu: Tolosa edo Izaskun. Azken hau, ordea, toponimo ez ezik, pertsona izena ere bada. Askotan ez dakigu izenen atzean zein historia dagoen. Zergatik Tolosa? Zergatik Izaskun? Zergatik da Izaskun pertsona izena, baina Tolosa ez horrenbeste? Bide beretik, zergatik daude Euskal Herrian horrenbeste Ainhoa eta Irati? Bada, horren guztiaren atzean badago historia bat. Galdera bera egin genezake, Espainian dauden Iker guztien inguruan; zergatik daude hainbeste? Casillas futbolariari esker. Izenak ez dira gauza hutsak, eta askotan, izenen atzean bada historia bat; nondik norakoak azaltzen saiatuko naiz, beraz.

Euskal Herriko onomastikak badu zonaldekako berezitasunik?
Ez. Euskal Herriko toponimoa, oro har, inguru fisikoarekin eta gizartearekin loturik dago; toponimia gizarte zehatz batek ematen du, eta gizartearen ispilu da. Zergatik? Giza-talde batek badituelako bere hizkuntza, mundua ikusteko eta ulertzeko modua, legeak eta ohiturak. Paisajea horrekin lotuta dago, beraz, Tolosan, Azkoitian edo Durangaldean, toponimia oso antzekoa da, ingurua ere oso antzekoa delako. Alda daiteke hitzen bat edo beste, eta esaterako, mendebaldean barri dena, erdialdean berri izango da. Baina, funtsean, mundu berean bizi gara. Euskal toponimia barrualdean aldatuko da zertxobait, Nafarroako erdialdean nahiz Arabako lautadan. Inguru fisikoak eta eguraldiak beste populazio mota batzuk sortzen ditu, eta leku horietan, esaterako, herrixkak dira nagusi, ez sakabanaturiko baserriak.  

Denborak ere aldatuko ditu toponimoak, ezta?
Bai. Tamalez, toponimia pobretzen eta desagertzen ari da. Lehen alde praktiko bat zuen, jendeak, behar zuelako sortzen zuen, eta behar zutenez, egunero erabiltzen zuten. Gaur egun, badakigu erabiltzen diren toponimoen kopurua, duela ehun urtekoa baino askoz ere urriagoa dela Tolosan; hemendik 50 urtera, askoz ere gutxiago erabiliko direla ere badakigu, beraz. Aurrerapenaren alde maltzurra da hori.

Zein jende motari zuzenduriko hitzaldia izango da?
Gure asmoa, izenen gainean nolabaiteko interesa izan dezakeen edonork hara joan eta zerbait ikastea da. Prestatu ditut ideiak, baina ez dakit nor joango den eta zer jakin nahiko duten. Horren arabera saioa moldatzen saiatuko naiz, beraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!