Gozo usaina du Tolosak

Tolosaldeko Ataria 2013ko urr. 26a, 13:15
Hogei urte bete ditu Tolosa Goxua azoka bereziak. Goizean goizetik, gozoak, gozogileak eta gozozaleak izan dira nagusi Tolosako Trianguloa plazaren bueltan.

Jende asko gerturatu da Tolosara, eta era, estilo eta kolore guztietako gutiziak izan dira eskuragarri. Postuz postu erosketak egiteko aukera izan dute. Guztira, 20 postu izan dira, eta horietatik bost tolosarrak.

Bestetik, ohiturari jarraituz, Sagar Tarta lehiaketa egin dute. Aurten, 16 tarta aurkeztu dira, eta lehen saria Maritxu Uribe tolosarrak eskuratu du. 200 euroko txartela eskuratu du, Tolosako gozotegietan erosketak egin ahal izateko. Bigarren saria, berriz, Uzturre etxekoentzat izan da. Hauek, 150 euroko txartela eskuratu dute. Epaimahaia, Elena Arzak, Lourdes Rekondo, Jose Mari Gorrotxategi eta Jesus Subizak osatua izan da.

Jesus Subiza txokolategilea eta Doneza ezkogin ezagunak izan dira gonbidatu bereziak, eta euren ibilbideagatik omenaldi txikia egin diete.

Gainerakoan, Eceiza, Gorosti, Gorrotxategi, Gozona-Ibañez eta Saizar gozotegietako gozogileek 4.000 trufa banatu dituzte gerturatu direnen artean. Askok eta askok, eskuak bete trufa jan ahal izan dituzte.

19:00etan, Topic zentroan, biharko Txokolate Eguna girotzen hasteko Txokolatea izeneko dokumentala estreinatuko dute.

Biharkoak ere gozo usaina izango du, txokolatearena hain zuzen ere. 10:00etatik 14:00etara Txokolate Eguna ospatuko dute Zerkausian. Gorrotxategi museoak 30 urte betetzen dituela eta, hainbat museo gonbidatu dituzte. 


Created with Admarket's flickrSLiDR.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!