Tolosako babarrunaren eguneko gastronomia lehiaketak abian

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urr. 25a, 13:00
Gure Kaiola elkarteak urtero antolatzen duen lehiaketaz gain, aurten pintxo lehiaketa ere izango da.

Azaro erdialdean, Tolosako produkturik garrantzitsuenari eskainitako asteak bazkari, azoka eta ospakizunez betetzen du herria. Babarrunaren Astean gastronomia lehiaketek harrera ona izaten dute, eta zabalik dira, jada, izen-emateak.
XXVII. aldiz antolatuko du, Gure Kaiolak, babarruna lehiaketa, eta azaroaren 10era bitarte zabalik izango da izen-ematea: 19:30etik 21:00etara elkartera joanez egin daiteke, eta baita gurekaiola@hotmail.com helbidean edo 607 67 27 09 telefonora deituz ere. Gehienez ere, 22 lagunek parte hartu ahal izango dute.
Babarrunak bezperako irabazlearenak izango dira, eta antolatzaileek banatu dizkiete sukaldariei; bi kilo prestatu beharko dituzte, eta nahi adina osagai erabiliko dituzte.
Sariei dagokienez, 400, 200 eta 100 euro jasoko dituzte lehen hiru sailkatuek. Gero, 500 lagunentzat bazkaria izango da, eta 25 euroren truke txartela erosteko aukera izango da, azaroaren 4etik aurrera, elkartean bertan nahiz aipaturiko telefonoan.
Azkenik, aipatzekoa da udalak estrainekoz antolatuko duela pintxo lehiaketa. Urriaren 31 izango da izena emateko azken eguna, udaletxean.
Lehia azaroaren 15ean izango da, eta babarruna erabili beharko da osagai nagusitzat; 150, 100 eta 50 euroko sariak izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!