Tolosako gazteak emantzipatzeko zubiak eraiki nahi ditu udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urr. 25a, 14:57

Azaroaren 4an hasiko dira, Euskal Herria plazako 25 etxebizitza dotazionalak eraberritzeko lanak.

Tolosako Udalak datorren azaroaren 4an abiaraziko ditu, Euskal Herria plazan, gazteei begirako etxebizitza dotazionalak egiteko lanak. Topic zentroaren ezkerraldean, 25 etxebizitza eraikiko dituzte guztira, eta 25 eta 60 metro karratu arteko azalera izango dute; herriko gazteen emantzipatzeko aukerak errazteko, udalak martxan jarritako egitasmoetako bat da hau.
Proiektua aurkezten, Angel Uranga hirigintza buruak eta Imanol Agirre arkitektoak lagundu diote Ibai Iriarte alkateari, eta azken honek etxebizitza eskubidea nabarmendu du: «»Etxebizitza eskubidea den aldetik, eskubide hori izaten lagundu nahi diegu herritarrei». Bide horretan, Iriartek gogora ekarri ditu jada abiarazitako zenbait egitasmo: Agaramunduko etxebizitzak adineko pertsonei utzi, eta hauen etxe zaharrak gazteentzako egokitu zituzten, esaterako, eta HGZren errekargua ere aplikatu dute 2013an. Gainera, etxebizitzen kooperatiba bat sortzeko plan batekin lanean ari direla ere jakinarazi du Tolosako alkateak.
Euskal Herria plazako etxebizitzei dagokienez, badira jada hainbat hilabete, udalak proiektu hau burutzeko asmoa azaldu zuenetik, eta obrak esleitzeko lehiaketa publikoa egitea izan zen lehen pausoa. Horrela, Lurgoien SA enpresaren ardura izango da, zortzi hilabeteko epean, etxebizitzak eraikitzeko lanak amaitzea.
Etxeak adjudikatzeko oinarriak urtarrilean zehaztuko dituzte, pleguak onartzearekin batera, eta orduan ezagutaraziko dituzte zerrendetan izena emateko jarraibideak, nahiz zozketa egiteko egunak: «Oraindik beraz, pleguak onartu bitarte, ezin izango da etxebizitza hauetako zozketarako zerrendetan sartu; udaberri amaiera aldean izango da zozketa, eta baldintzak malguak izango dira, gazteak emantzipatzea nahi dugulako», argitu dute.  
Ibai Iriartek, dena den, argi utzi nahi izan du etxebizitza dotazional hauen funtzionamenduan errotazioa izango dela ezinbesteko gakoa: «Gurasoen etxetik salto egiteko zubia eskainiko diete gazteei,lehen pauso horretan. Modu honetara, gazteak izango dira, beti, etxe hauek beteko dituztenak».
Tolosar gazteen emantzipazioa errazteko proiektu honetara, guztira, 1.565.052 euroko aurrekontua bideratuko dute, BEZa barne. Aipatzekoa da, gainera, aurrekontu honen zatirik handiena Eusko Jaurlaritzak jarriko duela.
Etxebizitzak dotazionalak diren aldetik, badira higiezin hauek legez bete beharreko zenbait baldintza nahiz ezaugarri. Horrela, esaterako, 25 eta 60 metro karratu arteko azalera beharko dute izan, eta sukaldea, logela, bainugela eta egongela izango dituzte. Aipatzekoa da etxe batek bi logela izango dituela, eta gurpildun aulkian ibili behar dutenei zuzendutako azken etxebizitza bat ere izango dela.
Topic zentroaren ezkerraldean dagoen eraikinean, bigarren eta hirugarren solairuetan egokituko dituzte gazteentzako etxebizitza hauek, eta solairuartean, berriz, trastelekuak eta bizikletak gordetzeko guneak jarriko dituzte.
Obra honek guztiak, beraz, teilatua, eraikinaren fatxada nahiz barnealdeko 1.775 metro karratu eraberritzea ekarriko die langileei.


Emantzipatu eta kontsumoa murriztu
Gazteak gurasoen etxetik atera eta beren bizitza era independientean hasteko bultzadaz gain, Tolosako Udalak bereziki zaindu nahi izan du etxeen diseinua, energiaren kontsumoa murrizte aldera. CO2 kontsumoa murrizteko duten alkateen hitzarmenaren harira, A mailako ziurtagiri gorena jaso du eraikinaren diseinuak, eta legeak eskatzen dituen gutxieneko neurriak gainditzeaz gain, eraberritze lanetan leiho berriak, zoru bero-emailea eta eraikina isolatzeko neurriak hartu beharko dituzte. Helburu hauek lortzeko, material "modernoak, gogorrak eta mantentze lan arina eskatzen dutenak" erabiliko dituzte, eta honek errotazio dinamikari ere mesede egingo dio.
Zortzi hilabeteko lanen ondoren, etxebizitzak datorren udarako gaztez beteta egotea espero dute udaleko arduradunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!