Tolosa gozoaren erreinu izango da bihar

Mikel Iraola 2013ko urr. 25a, 13:32
Duela hogei urtetatik hona –nahiz eta aurtengoa XVIII. edizioa izango den–, Tolosa gozogile eta gozozaleen topaleku izan da egun batez

Tolosa Goxua azokak Euskal Herriko txoko ezberdinetako gozogintza tradizionala gertutik ezagutzeko aukera eman du. Aurten ere ez da gutxiagorik izango. Are gehiago, berrikuntza hainbatekin datorkigu.

Guztira, Tolosako bost –Eceiza, Gorosti, Gorrotxategi, Gozona-Ibañez eta Saizar– gozotegiez gain, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Iparralde eta Errioxako 20 postu izango dira bihar 08:30etatik aurrera Trianguloa plazan. Aurten, lehenengoz, nafarrak ere izango dira, Donezar etxekoak hain zuzen, txokolate eta argizaria erakutsiz. Jesus Subiza txokolategile eta Doneza ezkogin ezagunak izango dira edizio honetako gonbidatuak, eta beren ibilbideagatik omenaldi txiki bat egingo zaie.  

Aipatutako bost gozotegi tolosarrek, txokolatezko trufak egiten jardungo dute goiza. Bertaratzen direnek prozesu hori gertutik ezagutu ahal izango dute, eta ondoren, 4.000 trufa banatuko dira Trianguloan. Tolosako Txurreriak ere, bertara gerturatzen direnei txurroak banatuko dizkiete 13:00etara bitartean. ADEMGI, Gipuzkoako esklerosi anizkoitzaren elkarteak ere, txokolatea eta pasta bat banatuko ditu euro baten truke.

Herritarrek ere izango dute festan parte hartzeko aukera, izan ere, 10:00etatik 11:00etara, sagar tarta lehiaketa izango da. Denbora tarte horretan, lehiakideek euren sagar tartak utzi beharko dituzte errezetarekin batera Trianguloan. Elena Arzak, Lourdes Rekondo, Jose Mari Gorrotxategi eta Jesus Subizak osatutako epaimahaiak erabakiko du irabazlea. Sari banaketa 12:30ean izango da. Irabazleak, Tolosako gozotegietan gastatzeko 200 euroko balioa duen saria jasoko du, eta bigarrenak 150 euroko balioa duena. Horrez gain, parte hartzaile guztien artean, opariak zozketatuko dira. Izena emateko 943697521 telefonoan edo feriak@tolosakoudala.net izena ematea gomendatzen da.

Arratsaldean, berriz, 19:00etan, hurrengo eguna, hau da, Txokolate Eguna girotzen hasteko, Txokolatea izeneko dokumentala estreinatuko da TOPIC zentroan. Bertan, Joxe Mari Gorrotxategi, Juan Garmendia Larrañaga eta Antton Aspiazuk garai batean txokolatea nola egiten zen azalduko dute. Bertaratu ezin dutenek, igande goizean Zerkausian ikusteko parada izango dute.

Izan ere, aurtengo Tolosa Goxuak bi eguneko festa izango du. Gorrotxategi Museoak 30 urte betetzen dituela aprobetxatuz, Txokolate Eguna ospatuko da. 10:00etatik aurrera, 14:00ak arte, produktu honen inguruko hainbat postu izango dira Zerkausian. Hainbat museo gonbidatu dituzte festara: Castrocontrigo eta Astorgako museoetakoak (Leon), Sueca (Valentzia), Valor (Alicante), Xocolata (Bartzelona), Monasterio de Piedra (Zaragoza), L’Atelier du Chocolat (Baiona), Planète Musée du Chocolat (Biarritz), Musée du Chocolat Puyodebat (Kanbo) eta Txokolateixia (Oñati) museoetakoak.

Guztiek batera txokolatea egingo dute Zerkausian, duela 400 urte egiten zen modu berean. Horrez gain, haurrentzat tailerrak izango dira. Lazkaoko Iztueta etxeak behi puzgarri bat jarriko du eta txokolatea egingo dute haurrek. Bestalde, Gorrotxategik, metateen inguruko erakusketa bat jarriko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!