Arramele auzoa historian zehar

Joxemi Saizar 2013ko urr. 25a, 10:00
Herriko toponimo zaharrenetakoa omen da Arramele, Tolosako lehen agirietan agertzen da. Henaok oinetxe bezala aipatzen zuen. Horregatik jarri zioten izen hori AEKk Lizardi elkartean izan zuen euskaltegiari. Gaur egun kalea, plaza, zubia eta ermita deitzeko erabiltzen da. San Joan bataiatzailearen izena daraman ermitak urtero dauka bere protagonismoa San Joan jaietan, agintariak, bordondantzariak, musikariak eta eskopetariak joaten direlako herritarrekin batera bezpera eta konpleten ohitura berritzera. Herritar askorentzat auzoa zapaltzen duen une bakarra izango da urte osoan zehar.

Herriko toponimo zaharrenetakoa omen da Arramele, Tolosako lehen agirietan agertzen da. Henaok oinetxe bezala aipatzen zuen. Horregatik jarri zioten izen hori AEKk Lizardi elkartean izan zuen euskaltegiari. Gaur egun kalea, plaza, zubia eta ermita deitzeko erabiltzen da. San Joan bataiatzailearen izena daraman ermitak urtero dauka bere protagonismoa San Joan jaietan, agintariak, bordondantzariak, musikariak eta eskopetariak joaten direlako herritarrekin batera bezpera eta konpleten ohitura berritzera. Herritar askorentzat auzoa zapaltzen duen une bakarra izango da urte osoan zehar.

Ermita honen lehen berriak XIV. mendekoak dira, Jerusalengo San Joan Ordena ostalaria izanik jabea. Herriak 1671 urtean eskuratu zuen eta handik aurrera alkateak izendatzen zituen ermitaz arduratzen ziren serorak eta ermitauak. Arrameleko San Joan Kofradia bertan kokatzen zen eta kontzejuko Fiel deitzen zena aukeratzen zuten, alkatearen hurrena. Udal antolakuntzan garrantzi handia zuen eta gaur egun  zinegotzirik gazteenak hartzen du paper hori San Joan eguneko ekitaldietan. 

 Auzoko kale nagusia, Aita Manuel Larramendi idazle andoaindarraren omenez izendatu zuten 1900ean, Gipuzkoaren eta gipuzkoarren defendatzaile eta maitalea izan zelako. Kale honek protagonismo handia hartu du azken urteotan, etxe berri asko eraiki delako bertan eta ia auzoaren izena bereganatu egin du, Arramele alde batera utziz. 1979an bariantea egin arte, Irun-Madril errepide nagusia bertatik pasatzen zen.

 Gertaera historiko askoren berri ez da auzoan. Errepublikarren ekitaldi batean, Donostiatik etorri eta Arramele zubitik desfilatzen sartzen ari zirela, norbaiti tiro batek alde egin eta Llanosen torloju fabrika gaineko etxean jo omen zuen, josteko makina bat hondatuz eta etxeko nagusia ia zaurituz. Hori Errepublika baino lehenago izan omen zen, 1931ko apirileko hauteskunde aurretik. Gero, Errepublika garaian, Arramele zubian tiroketa bat izan zela aipatu izan dit elkarrizketaturen batek. Eta 1936ko gerran koltxoneta batzuekin zubian barrikada nola muntatu zuten azaldu zidan Gorriti plazan hotela izan zuen Jose Leon Martijak.

Lehen paper fabrika

Auzoaren ezaugarri nagusiena industriala izatea izan da duela urte gutxi arte. Bertan kokatu zen paper jarraia egin zuen Espainiako lehen fabrika, La Esperanza izen itxaropentsuarekin. 1841ean sortu omen zuten Jose Brunet y Pratek, Tantonat Guardaminok eta konpainiak. Hurrengo urtean inauguratu zen, ekainaren 11n, eta urte horretakoa da argazkia, Tolosan ateratako lehen argazkia seguruena, Brunet y Prat Gipuzkoako lehenengoetako argazkizalea izan zelako. 1969 arte aritu zen lanean La Esperanza paper fabrika.

Duela urte gutxi arte, auzoko lur gehienak Voith eta Gorostidi tailerrek hartzen zituzten, beste lekura eraman eta etxe berriak eraiki ziren bitarte. Telleria fundizioa eta Basagoitia tailerra ere bertan ziren. Lehenago desagertu ziren lehen aipatutako Llanos torloju fabrika eta Jupiter pila fabrika.

 Auzoko kaleen izenek ere hainbat informazio ematen digute. Auzoan trinketea izan zela jakina da, horregatik du gaur egun kale batek izen hori. Uzturre kalearen izenaren arrazoia argi dago, Tolosako erreferentzia mendia gertu baitago. Magdalena kaleak 1770 inguruan bota zuten ospitalea eta ermita gogorarazten du. Orduan Miserikordia etxea egin zuten Arrameleko ermitaren inguruan eta 1920 arte bertan egon zen. Handik pasatu zen gaur egungo Iurreamendiko kokalekura. Udal hilerria ere gertu egon zen, San Blas auzora eraman arte.

 

Duela hamarkada batzuk ere txinatar auzoa bezala ere ezaguna zen Arramele Tolosan, nonbait gaueko taberna eta lokal dezente izan zirelako. Egun hauetan ireki berri dute denda txinatarra bertan, baina ez du aurreko izenarekin zerikusirik, herriko beste leku askotan ere badirelako.

 

Auzora bizitzera etorri diren bizilagun berri ugariei eta beste hainbat herritarri bere jakin-mina eta interesa ase diedalakoan, ondo pasa auzoko festak! 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!