Idoia Balza: «Beste edonoren pareko lana egin nahi dut, ahalik eta txukunena»

Jon Miranda - Itzea Urkizu 2013ko urr. 24a, 10:00
Idoia Balza
Tolosako Musika Bandako zuzendariordea da bera, eta gaur, kontzertu bat gidatuko duen lehen emakumea bilakatuko da.

 

Musikari familia batean jaioa da, eta  hiru ahizpetan zaharrena da Idoia Balza (Tolosa, 1975). Gaur iluntzean Tolosako Musika Bandak Larramendin eskainiko duen emanaldian historia idatziko du berak, zuzendari lanetan ariko den lehen emakumezkoa izango delako.


Gaur lehen aldiz zuzenduko duzu Tolosako Musika Banda. Urduri?
Pixka bat bai. Lehen aldia da, eta halako urduritasun bat sartzen da.
Noiztik zara musika bandako zuzendariorde?
Iaz Enrike Arostegi jarri zen zuzendari moduan. Lehen bera zuzendariordea zen, eta zuzendari postua hartu zuenean, epe bat utzi genuen bandako norbaitek zuzendariordearena hartu nahi baldin bazuen. Ez zuen inork izenik eman, eta ni jarri nintzen azkenean. Horrela hasi nintzen.
Zenbat kidek osatzen duzue musika banda?
Gaur egun 50 inguru izango gara; badira lan baimenarekin daudenak-eta, baina gutxi gorabehera 50 kide gara, bai.
Ez da, hala ere, banda profesionala.
Borondatezkoa da berez, baina kideen artean badira irakasleak. Era berean, kontserbatorioetako nahiz  Musikeneko ikasle edo ikasle ohi diren zenbait gazte ere aritzen dira bandan. Profesionala ez den arren, banda nahiko dotorea da.
Musikarioi lan handia eskatzen al dizue entseguetara joan eta emanaldiak prestatzeak?
Entsegu egunak zehaztuta izaten ditugu normalean, eta astean bitan elkartzen gara, astearte eta ostegunetan; 20:30etik 21:45 aldera arte aritzen gara. Horrez gain, zenbait kasutan entsegu bereziren bat egiteko beharra ikusten badugu, gehiagotan elkartzen gara.
Konpromisoa ere beharko da, beraz, horrelako talde batean aritzeko.
Bai, hala da, eta jendearen esfortzua ere oso kontuan hartu behar da. Asko eta asko, lanetik irten eta zuzenean joaten dira entseguetara, eta lehen esan bezala banda profesionala izan gabe, jendeak oso erantzun ona ematen du borondatez.
Zu noiz hasi zinen bandan?
1996an hasi nintzen, duela 17 urte.
Esan daiteke familiatik datorkizun tradizioa dela musikarako joera; zuen aita bandako kide zen, eta bi ahizpak ere tartean dira, ezta?
Bai, hori da. Aita musikaria da eta aritu zen musika bandan. Orain, berriz, hiru ahizpa gara, eta hirurok bandako kide gara. Beti bizi izan dugu giro hori etxean. Aitak bandan jotzeaz gain, txarangetan nahiz beste hainbat lekutan parte hartzen zuen, eta esan daiteke musika bere bizitza izan dela. Eta hori guri transmititu izan digu beti, txikitatik, kontzertuetara joanez-eta.
Eta zein musika tresnarekin aritzen zara bandan?
Txikitan klarinetearekin hasi nintzen, eta musika tresna horrekin aritzen naiz bandan ere.  
Kide berriak ere batzen dira pixkana. Nola egiten duzue aukeraketa hori?
Normalean, musika tresna jakin baterako jendea behar dugunean, musika eskolako ikasleei lehentasuna ematen diegu. Irakasleekin hitz egiten dugu, eta oinarrizko maila baino gorago dauden ikasleak etortzen dira bandara. Urte pare batez ikasten aritzen dira, eta gero bandako kide izatera pasatzen dira normalean.
Gazteei erakargarria egiten zaie musika banda? Ez ote dute adinekoen kontu gisa ikusten?
Musika ikasten ez duten gazteentzako urrunagoko zerbait izan daiteke, behar bada; txarangek gehiago erakartzen dituzte, oro har, gazteak. Musika eskolan ikasten duten ikasleentzat, aldiz, erreferente moduko bat badela uste dut, jotzeko eta ikasteko gogoa izaten baitute. Gainera, musika eskolan bertan ikasle banda ere badago, beran gertuagoko zerbait bezala ikusten dute gazte horiek. Azken finean, jauzi bat ematea da Tolosako Musika Bandan aritzea.
Txarangak aipatu dituzu, eta Tolosan jende asko aritzen da txarangetan. Hor badago harrobi bat, ezta?
Lotura handia dago, noski. Inauteriek eta txarangek zaletasun handia sortzen dute Tolosan, musikarako, eta horrek musika ikasleak erakartzen ditu. Behar bada txarangei begiratzen diete lehenengo, baina hori gerora bandan hasteko bidea izan daiteke. Izan ere, normalean bandako kide direnak txarangetako kide ere badira aldi berean.
Tolosarrak al zarete Tolosako Musika Bandako kide guztiak?
Gaur egun, denok tolosarrak garela esango nuke. Musika eskolan ez dagoen musika tresnaren bat jotzen duen norbait behar badugu, inguruko herrietara jotzen dugu normalean.
Eskualdeko beste herrietan ez dago musika bandarik.
Ez. Orain dela urte asko Villabonan bazegoen banda bat, baina aspaldiko kontuak dira.
Musika eskoletan sortzen diren ikasle banda horiek, ordea, aritzen dira eskualdean ere. Zu, esaterako, Loatzo musika eskolako ikasle bandako zuzendaria ere bazara.  
Bai. Loatzo mankomunitatea zortzi herrik osatzen dute, eta ikasle bandak, kasu honetan, eskualdeko ikuspegia hartzen du, herri guztietako gaztetxoak elkartzen direlako.
Zer moduzko lana izaten da gaztetxo horiekin lan egitea?
Egia esan, hasieran pixka bat kosta zitzaigun proiektua martxan jartzea, batzuek, aurretik, bandaren erreferente hori ez zutelako. Gaur egun, ordea, oso-oso ondo funtzionatzen du egitasmoak, eta ikasleen artean harreman sendoak sortzeko bidea ere bada.
Emanaldi asko eskaintzen dituzue hemen inguruan?
Bai. Batez ere herrietako jaietan-eta aritzen gara, eta elkartrukeak ere egiten ditugu; Herrialde Katalanetan izan ginen iaz, esaterako, eta aurten ere badugu antzeko proiekturen bat esku artean.
Zuzentzeaz gain, irakaslea zara, ezta?
Bai, klarinetea jotzen irakasten diet gaztetxoei, eta herriz herri ibiltzen naiz.
Ez zara Tolosako Musika Bandako irakasle bakarra.
Jende asko aritzen da irakasle lanetan. Enrikek berak saxofoiko eskolak ematen ditu, eta flauta, tronpeta eta perkusioa irakasten dutenak ere badira.
Horrek eraginik izango du bandaren mailan, ezta?
Bai, nire ustez bai. Musika ikasketak izatea islatu egiten da gero taldean.
Aurrera begira zein erronka ditu musika bandak?
Beti izaten dira hobetzeko gauzak, bai norberak bere musika tresnarekin, eta baita taldeari begira ere. Dena den, gaur egun ezin gara kexatu daukagun bandarekin. Eta nik egunotan entseguetan izan dudan esperientziatik, behinik behin, musikariek kalitate handia dutela esan dezaket; asko errazten ditu horrek gauzak.  
Nola ikusten da musikariaren aulkitik zuzendaria? Eta alderantziz?
Oso desberdina da. Jotzerakoan lasaiago egoten da bat, eta aldamenekoarekin hizketan-eta aritzea posible da. Zuzentzen ari zarenean jabetu egiten zara horretaz guztiaz, eta askotan kideak isilarazi eta entsegua abiaraztea kosta egiten dela ikusten duzu. Zuzendariak uneoro adi egon behar du, sarrerak emateko, eta guztia antolatzeko; ardura gehiago du zuzentzeak.
Bandak eskaintzen dituen emanaldiak udalarekin adosturikoak izaten dira, urte osoan barrena. Zein da zure emanaldi kuttuna?
Inauterietakoak badu zerbait berezia. Urte garai seinalatua izaten da, eta egun horretan, gainera, bandako kide ohiak ere gonbidatzen ditugu gurekin jo dezaten. Niretzat emanaldi berezia izaten da, gu entzutera ere jende gehiago etortzen baita.
Tolosako Musika Banda zuzentzen duen lehenengo emakumea izango zara, eta esan daiteke historia egingo duzula gaur. Ba al duzu horrek duen garrantziaz kontzientziarik?
Egia esan ez. Honekin hasi nintzenez geroztik, ez naiz hori pentsatzen jarri, eta azken egunotan konturatu naiz batez ere, inguruagatik eta prentsarengatik. Nik, hala ere, beste edonoren pareko lana egin nahi dut, ahalik eta txukunena. Konturatzen naiz, eta badakit kontu garrantzitsua dela,orain arte gertatu ez den zerbait, baina normaltasunez hartu behar da.
Beste herrietan ere badira emakume zuzendariak.
Hori da. Hondarribiko bandako zuzendaria emakumea da, esaterako, eta badira beste hainbat ere. Beraz, garrantzia gehiegi ere ez zaio eman behar.
Bandako kideen artean emakume asko al zarete?
Gehienak gizonezkoak dira, baina urtetik urtera haziz doa emakumeon presentzia. Lehen aipaturiko gazte hasiberri horietako hainbat neskak dira, adibidez.
Larramendiko jaietan lehenengoz ariko zarete, baina hainbat lekutan aritzen zarete urtean zehar. Bat aukeratu beharko bazenu?
Nik oso gustuko dut Berdura plazan jotzea; oso itxia denez, hobeto entzuten da. Bestela, barruko emanaldia egiteko, musika eskolako aretoa ere ederra da.
Gaurko errepertorioa zuk aukeratu duzu. Zein izango da?
Batzorde artistiko bat dago bandan, eta haiei helarazi nien emanaldi honetarako nire asmoa. Horrela, Guridiren El caserío zarzuelako bigarren zatia, Granadosen Goyescas operako zati bat, Oihaneko liburua filmaren musika banda, Certamen Levantino pasodoblea eta Las playas de Rio izango dira eskainiko ditugun lanak.
Aniztasuna nagusi aukeraturiko lanetan, ezta?
Bai. Garrantzia ematen diot hainbat estilo lantzeari, eta horiek jendeari helarazteari. Beraz, anima daitezela tolosarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!