Larramendi auzoko jaiak plaza berriaren inaugurazioarekin lehertuko dira

Naiara Roldan de Aranguiz 2013ko urr. 24a, 09:31
Auzotarrek iragan ostiraletik plaza berria elkargune bihurtu dute. N.R.D.A.
Tolosako Larramendiko herritarrak prest daude auzoko festez gozatzeko. Izan ere, bihar hasi eta igandea bitartean ekitaldiez beteriko egitaraua prestatu dute Larramendiko Auzo Elkartean bildutakoek.

Festei hasiera emango dien ekitaldia Larramendiko plaza berriaren inaugurazioa izango da, lehenengoz Idoia Balzak zuzendutako Tolosako Musika Bandaren kontzertuarekin. Bihar, osteguna, 20:00etan, urtebeteko lanen ondorioz, eraikitako plaza berriaren inaugurazioa egingo da Tolosako auzo berritu honetan.
Hala ere, aipatu plaza iragan ostiraletik dagoeneko zabalik dago. Honela, bertako familiek plaza auzoko erdigune, jolasgune eta elkargune bihurtzeko bidea hasi dute. Plaza berriak umeen parkea hartzen du bere gain. Herritarren eskaerei erantzunez, haurrei zuzendutako jolasgune berritzaile eta estalia eraiki du Tolosako Udalak.
Plazak, Arkauteko parkearekin bat eginez, espazio zabal bat sortu du auzoaren erdigunean; Tolosako oinezkoen alderdirik zabalena, hain zuzen ere (2.500 m2 inguru). Plaza berria errealitatea da egun, Larramendi kalearen lurperatzeari esker, auzotarrek herri kontsultan onartutakoa, hain zuzen ere.
Plaza inguruan, Arkaute etxean bertan, auzo berrituari bizia ematen dioten auzo lokalak daude; tartean, Larramendi Auzo Elkartearena. Elkarteak berak adierazi bezala, «bizilagunen bilgune izateko auzolanean txukunduak».  
Larramendi Auzo Elkartearen nahia, «auzo bizia» lortzea da. Horretarako, elkartea aspalditik dabil lanean, iaz auzoko festak berreskuratu izana eta aurten berriro ere errealitate izatea adibide bat baino ez da. Honek guztiak auzotarren helburua eskuratzeko pausoetan aurrera egitea ahalbidetzen du: «Bertako bizilagunen nahia horixe dela uste dugu: auzoak izan duen aldaketa handia aprobetxatu auzo izaera indartzeko».

Lau egunez luzatuko da festa
Plaza berria izango da festen «bihotza», bertan jarri baita hainbat ekitaldi egiteko karpa erraldoia, eta haren inguruan ere izango dira barrakak. Adin guztietarako jarduerak antolatu ditu Larramendiko Auzo Elkarteak, eta horrenbestez, euren nahia ondorengoa da: «Auzotarrek parte hartzea eta ondo pasatzea espero dugu».
Ostegun arratsaldean hasiko dira Larramendi auzoko festak. Plaza berriaren inaugurazioa arratsaldeko 20:00etan hasiko bada ere, aurretik, 17:30ean txokolate jatea izango da, jarraian txupina botatzearekin batera, buruhandiak eta dultzaineroak auzoan barrena ibiliko dira. 20:30ean Tolosako Musika Bandak kontzertua eskainiko du eta ondoren, gaua luzatzeraino, pintxo-potea, karaokea eta DJ Puntzaka izango dira Tolosako Larramendi auzoan.
Ostirala Uzturre igoerarekin hasiko da. Haurrek arratsaldean pailazo emanaldia izango dute eta gau partean kontzertuen unea izango da: Agoraphobia eta Rai Kimera.
Jaietako ekitaldirik garrantzitsuenak larunbatean ospatuko dira, auzo bazkaria (14:00) eta danborrada (18:00). Gauean, Laket taldearen kontzertuaren ondoren, DJ. VerBrothers izango da.  
Igandean, txistulariak, toka, tortilla lehiaketa, kuadrila bazkaria, mus txapelketa, buruhandiak eta triki-poteoa izango dira. 2013ko jaiei agur esango die Larramendi auzoak 20:00etan. Datorren urteari begira lanean hasiko da Auzo Elkartea.

Egutegia

URRIAK 24, OSTEGUNA
17:30. Txokolatada.
18:30. Txupina, buru handiak eta dultzaineroak.
20:00. Larramendi plazaren inaugurazio ekitaldia.
20:00. Pintxo-Potea.
20:30. Tolosako Musika Banda.
22:00. Karaokea.
00:00. DJ. Puntzaka.
URRIAK 25, OSTIRALA
09:00. Uzturrera igoera.
12:00. Hamabitakoa.
17:00. Pailazoak: DJ Porru: «Altza Porru eta denok dantzara».
18:30. Sagardo dastatzea.
20:00. Pintxo-Potea.
23:30. Kontzertuak: Agoraphobia eta Rai Kimera.
02:00. DJ. VerBrothers.  
URRIAK 26, LARUNBATA
09:00. Dultzaineroak.
11:00. Ume jolasak.
12:00. Auzo Kirolak.
14:00. Auzo Bazkaria.
16:00. Txaranga eta ume jolasak.
18:00. Danborrada.
20:00. Pintxo-Potea.
23:00. Kontzertua: Laket.
02:00. DJ. VerBrothers.
URRIAK 27, IGANDEA
09:00. Txistulariak.
11:00. Toka.
12:00. Tortilla lehiaketa.
14:00. Kuadrila bazkaria,
Zagiardoa.
15:00. Mus txapelketa.
17:00. Buru handiak.
18:00. Triki-Poteoa.
20:00. Jai amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!