Tolosar familia batek Kutxabanken aurka salaketa jarri du, euren hipotekak "neurriz kanpoko klausulak" dituela argudiatuta

Iñigo Terradillos 2013ko urr. 21a, 14:18
Juan Migel Goya Donostiako epaitegian
Tolosar familia batek salaketa jarri du Donostiako epaitegian Kutxabanken aurka. Euren etxebizitzaren hipotekaren kontratoa finantza erakunde horrekin sinatua dute, eta neurriz kanpoko klausulak dituela salatzen dute. Horrekin batera, atzeraeginezko izaerarekin, zor dietena itzultzeko eskatzen dute.

Tolosar familia batek  salaketa jarri du Donostiako epaitegian Kutxabanken aurka. Euren etxebizitzaren hipotekaren kontratoa finantza erakunde horrekin sinatua dute, eta neurriz kanpoko klausulak dituela salatzen dute. Horrekin batera, atzeraeginezko izaerarekin, zor dietena itzultzeko eskatzen dute.

Juan Migel Goyak, Karmen Lopezek eta euren alaba Maddik osatzen dute familia. Euren hipotekatik IRPH indizea behin betiko desagertzea eskatzen dute, eta bere alternatiboa den Euribor +%1 aplikatzea. Goyak azaldu duenez, dagokiena baino ia 300 euro gehiago ari dira ordaintzen hilean. Estreinako aldia da IRPHa desagertzea eskatzeko Kutxabanki salaketa jartzen zaiola.

Hipoteketarako erabili ohi diren indizeetan ezagunena Euriborra da. 2005 urtetik 2008ra bitarte, etengabe igoz joan zen, %5,4ra iritsi zen arte, eta egun, inoizko baxuenean dago, %0,50etik behera. Urtebeterako Euriborra izan ohi da hipoteketarako erabiltzen den indizea, baina, badira beste batzuk IRPH Kutxak, esaterako. Indize hori, ordea, 2012ko apirilaren 28tik ez da ageri interes tipo ofizialen artean. Hala ere, oraindik interes hori aplikatzen zaiela hipoteka duten milaka herritarrei salatzen dute Stop Kaleratzeak plataformatik. Horrek «haserrea» sortu du eurengan, behin betiko desagertzea eta indize alternatiboa, hau da, Euriborra aplikatzea eskatzen dute, «horrek murrizte handia ekarriko lukeelako hileroko kuotan».


Indize ofizial berriak jaso zituztenean, urtebetera aplikatuko zirela, eta zaharrak orduan desagertuko zirela behin betiko adierazi zen. Urtebete igaro zen, ordea, eta Espainiako Gobernuak beste sei hilabetez atzeratu zuen afera, «azter zedin». Bitarte horretan IRPH Kutxen indizea aplikatzen jarraitu dute finantza erakundeek, «hipotekarik gehienetan bere ordezko moduan zehazten den Euribor +%1 aplikatu ordez». Stop Kaleratzeak plataformatik diotenez, 2005 urte inguruan Kutxak eginiko hipotekarik gehienek dute indize hori. Sei hilabeteak igaro ziren, eta irailaren 28an publikaturiko BOEn zehazten den moduan, azaroaren 1etik aurrera behin betiko desagerturik geratuko da IRPH indizea, eta ondorioz, bere ordezkoa aplikatuko zaie ordura arte indize hori zutenei. Plataformak salatu duenez, indize horren desagerpenak «milaka familiarentzat 300-400 euro bitarteko aurreztea ekarriko luke hilean, eta hori, kasu askotan hipoteka ordaindu ahal izatea eta ez izatearen arteko muga izan daiteke».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!