Estrasburgok hilaren 21ean emango du 'Parot doktrinaren' inguruko epaia

Tolosaldeko Ataria 2013ko urr. 14a, 18:46
Urtarrilean Pello Odriozolaren askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egin zuten hainbat eragilek.
Espainiako Gobernuko iturriek adierazi dute Europako Giza Eskubideen Auzitegiak urriaren 21ean jakinaraziko duela Ines del Rioren auziari buruzko ebazpena. Pello Odriozola tolosarrari eragingo dio erabakiak.

Martxoaren 20an egin zuen Ines del Rio presoaren egoerari buruzko auzi saioa Europako Giza Eskubideen Auzitegiko sala handiak, eta udazkenerako espero zen epaia. Itxaronaldi horri epea jarri dio Espainiako Gobernuak: datorren astelehenean, hilak 21, ezagutaraziko du Estrasburgok doktrinari buruzko erabakia.

71 presok dute ezarria 192/2006 doktrina, tartean Pello Odriozola tolosarra. Berez, Ines del Rio presoaren auzia du aztergai epaitegiak, baina doktrina osoa jarriko luke auzitan ebazpenak.

Ines del Rio Prada euskal presoari doktrina hori ez zitzaiola ezarri behar ebatzi zuen Estrasburgoko Auzitegiak iazko uztailean, eta, beraz, presoa "ahalik eta azkarren" libre uzteko exijitu zion Espainiari. Ez zuen hala egin, ordea, eta helegitea jarri zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegian. Del Rio 1987tik dago preso, eta 2008ko uztailean libre ateratzekoa bazen ere, 2017ra arte luzatu zioten zigorra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!