Kalean txarangak diskoa grabatuko du udaberrian

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urr. 9a, 12:21

Txarangako zenbait kide txapelketako garaikurrarekin.
Lehen bi sariak jaso dituzte, Iruñeko San Fermin jaietako txarangen lehiaketa batean

Kalean txaranga tolosarra grabazio estudioan sartuko da datorren udaberrian, San Fermin jaietan antolaturiko lehiaketa bat irabazi ondoren. Iruñeko Maisonnave hotelak eta Ferminmusic ekoiztetxeak antolaturiko egitasmoa da, eta lehen bi sariak lortu dituzte.
Txarangako kideek agerraldia egin zuten jasotako sariaren berri emateko, eta «pozik» azaldu ziren: «Orain dela urtebete inguru sortu zen txaranga, eta oinarrizko ideia kalitatezko taldea sortzea izan da hasieratik», nabarmendu zuen Jon Otxoak. Horrekin batera, festa giroa jartzeari ere garrantzia ematen diote.
Lehiaketan izena ematearen arrazoi nagusietakoa txaranga ezagutaraztearena izan zen, eta beraz, «ezusteko handia» izan da eurentzat, lehen sari potoloaz gain, Maisonnave hotelak ematen duen lehen saria ere lortzea.
Horrela, datorren udaberri inguruan grabatuko dute diskoa Kalean txarangakoek, eta lehiaketaren oinarrien arabera, estudioan 40 orduz lan egiteko aukera izango dute: «Ahalik eta errepertorio originalena grabatu nahi dugu diskoan, bai guk sorturiko kantuekin, eta baita bertsioekin ere», azaldu zuen Iñigo Alustizak
Aurten hemeretzigarrenez antolatu dute txaranga lehiaketa hau, eta Kalean izan da aurkezturiko lehen talde gipuzkoarra; sari hau lortzen ere lehenak izan dira, beraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!