Iraultzailea, arraroa, berria, laburra, puskatzailea, zoragarria,... Askotariko iritziak sortu zituen, pasa den azaroan, Ahora! leloaren aurkezpenak. Urtebete baino gehiagoko lanaren ondoren, Laskorain ikastolari iritsi zaio beren etorkizuna pauso sendoagoz ematea ahalbidetuko dien eguna. Bederatzi egun besterik ez dira falta urriaren 6ko Kilometroak egunerako, eta prest dute guztia.
1967. urtean sortu zen Laskorain ikastola, eta hamarkada horien guztien ondoren, Tolosan ikasle gehien dituen ikastetxea bilakatu da gaur egun; 0 eta 18 urte arteko 1.550 ikasle ditu, guztira. Honekin batera, eta batez ere DBHko azken urteei nahiz batxilergoari begira, bailara izaera hartu du Laskorainek.
Bide honetan, azken hamarkadan 400 ikasle gehiago hartu izan ditu bere geletan, eta matrikulazioaren hazkunde honek, azpiegitura berrien beharra sortu die. 10 ikasgela eta areto bat dituen eraikin berria egin zuen ikastolak, beraz, eta herri onurako erakunde den aldetik, Kilometroak egitasmoa «ezinbestekoa» izango zaie ikastola berria finantzatzeko.
Kilometroak jaiaren indarra, ordea, bestelako esparruetara eraman nahi izan du Laskorainek hasieratik, egitarauaren aurkezpenean Jone Urteaga zuzendariak nabarmendu duenez: «Gure jomuga euskararen erabilera eremu guztietan aldarrikatzea izan da, eta horren lekuko da leloa. Erabilera, ordea, ahozkotasunaz harago, lan harremanetan, hornitzaileekin aritzean, eta abarretan sustatu nahi dugu. Euskaraz bizitzeko hautua, hori da aldarrikatu nahi duguna».
Euskararen normalizazioan lagunduko duen egitasmoa, gainera, ez dute Laskorain ikastolara mugatu, eta «Kilometroak tolosar guztien eta eskualdeko biztanleen jaia izatea» ere nahi dute. Datorren urriaren 6ko berrikuntzetako bat izango da, beraz, bertako musika nahiz kultur taldeen parte hartze nabarmena.
Taldeen %60a eskualdekoa
Kilometroak festako ibilbidearen jatorrizko izaerara itzuli nahi izan dute, hasieratik, Laskoraingo antolatzaileek; horrela, bisitariak gune batean edo bestean geldirik egon beharrean, hamaika jarduera egin eta ikusteko egun osorako dinamika prestatu dute.
Eskaintza ibiltaria izango da, honen harira, aurtengo KMK eguneko berrikuntza nabarmenetako bat: «Ibilbidea sorpresaz betea izango da, eta Tolosako inauterietako izaera hori gogora ekarri nahian, ibilbide dinamikoa izango dugu txaranga, dantza talde, batukada, pailazoen karroza, bertsolari, erraldoi eta beste hainbat talderen eskutik», azpimarratu du Unai Igartua koordinatzaileak.
Zazpi kilometroko zirkuitua egin ahal izango da Tolosan barrena, eta sei gune handi eta sei gune txiki izango dira. Gune, ibilbide eta txoko hauetan guztietan, Tolosako eta Tolosaldeko taldeei lehentasuna ematea erabaki dute antolatzaileek, eta nabarmentzekoa izango da, Tolosako Kilometroak egunean parte hartuko duten eragileen bi herenak, gutxi-gorabehera, bertakoak izango direla.
Euskara ahora eramatea aldarri duen festa eguneko protagonistak gazteak izango dira aurten, Erronkaren eskutik. 2013ko Kilometroak eguneko antolatzaileak aitzindariak izan dira egitasmoa prestatuz, eta Gipuzkoa osoko 21 ikastoletako neska-mutilek parte hartuko dute egun osoz, abentura kutsua duten probetan. Zezen plazan bazkaria egin eta gero, finala Oria ibaian jokatuko dute, eta Ahora! bandera eskuratzen duen taldeak ikasbidaia finantzatzeko 2.000 euroko ordainsaria jasoko du.
Unai Igartuak «egitasmoak hurrengo urteetan ere jarraipena izatea» nahi dutela azpimarratu du, eta Laskoraingo antolatzaileek pozik azaldu dute beren burua, 2014ko KMK egunean ere, Orion, Erronka izango baita.
Euskararen alde, arduraz
Festa giroko egunak ahalik eta hobekien funtziona dezan, eta Tolosara bertaratzen direnek arduraz joka dezaten, aholku zerrenda bat prestatu dute.
Batetik, Kilometroak jaiak aurreko urteetan egindako apustuari eutsiz, eta ingurumenari begira, hondakinak gaika sailkatzeko aukera izango da, eta bost motatako 150 edukiontzi jartzeaz gain, biodegradagarriak diren poltsak erabiliko dituzte.
Honez gain, urte guztian zehar burutu duten lanketa bereziari jarraipena emango diote, drogen eta alkoholaren kontsumoaren inguruan: adin txikikoei ez diete alkoholik salduko, eta horrez gain, ibilbidean ezin izango da alkoholdun edariekin sartu. Aipatzekoa da, Tolosako tabernari, guraso nahiz bolondresekin bereziki jorraturiko gaia izan dela.
Ikusi egitarau osoa hemen klik eginda.
Zerbitzuak
Nola iritsi?
Garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute.
Trenez. Renfek 86. 400 eserleku gehiago jarriko ditu, eta 15-20 minutuko maiztasunaz, 28.000 lagunen joan-etorriak ahalbidetuko ditu.
Bizikletaz. 400 bizikletentzako aparkalekua izango da.
Autoz. Apatta industrigunean 2.500 auto aparkatu ahal izango dira, eta autobus lanzaderak izango dira.
Autobusez. 130 autobus sartzeko lekua izango da.
Osasuna
Artatzeko prest. 30 sendagile, 44 erizain, 37 langile, 15 anbulantzia eta zodiac-a.
Jantokiak
Askotarikoak. Bi jantoki eta bi menuz gain, gune guztietako txosnetan ogitartekoak eta mokadutxoak izango dira.
_________________________________________________________________________________________
Saskibaloiko euskal derbia Usabal kiroldegian, euskaraz bizitzearen alde
Gipuzkoa Basket eta Bilbao Basket taldeek norgehiagoka jokatuko dute, gaur, 19:30ean, Kilometroen alde
Euskaraz bizitzeko hautua aldarrikatu dute azken hilabeteotan, Laskorain ikastolako antolatzaileek, aurtengo Kilometroak jaiari begira, eta euskara ahora eramate hori kirolaren esparrura ere zabaldu dute. Horrela, saskibaloiko euskal derbia ikusgai izango da, gaur iluntzean, Tolosako Usabal kiroldegian, 19:30etik aurrera, Gipuzkoa Basket eta Bilbao Basketen partida jokatuko baitute.
Gipuzkoa Basket saskibaloi taldeak urtero jokatzen du partida bat Kilometroak egitasmoaren alde, izan ere, Ikastolen Elkartearekin hitzarmen berezia du klubak. Norgehiagokaz harago, ordea, Gipuzkoa Basketeko zenbait kirolarik, urte horretan KMK jaia antolatzen ari den ikastola bisitatzen dute ikasturtean barrena.
Modu honetara, ikasleekin saskibaloiaz hitz egin, atzerriko jokalariek hemen duten bizitza ezagutu eta ingelesa praktikatzeko aukera ere izaten dute ikastoletako neska-mutilek.
Laskorain ikastolako ikasleek Ibekwe eta Finley amerikarren bisita jaso zuten pasa den maiatzean, eta hainbat galdera egin eta sinadurak eskatu ondoren, ikastolako patioan saskibaloian aritu ziren gaztetxoak, jokalari profesionalekin batera.
Iluntzean jokatuko duten partida ikusi ahal izateko, salgai daude jada txartelak, eta gaur izango da erosteko azken eguna. Horrela, Laskorain ikastolako bi eraikinetako idazkaritzetan, Korreo kalean dagoen Ahora! dendan, kiroldegi gaineko Bide Goxo tabernan eta Usabal kiroldegiko sarreran bertan eskuratu ahal izango dira sarrerak, 6 euroren truke.
19:30ean hasiko den euskal derbia ikustera joan, eta momentuan sarrera lortu nahi duenak ere izango du aukerarik, ordea, kiroldegi sarreran dagoen harreran.
_________________________________________________________________________________________________
Zeinu hizkuntza euskararekin uztartuko da Leidor aretoan
Pertsona gorren Gainditzen elkarteak bat egin nahi izan du Tolosako Kilometroak jaiarekin
Tolosaldeko eta Goierriko pertsona gorren elkartea da Gainditzen, eta urtero Tolosako Leidor aretoan antolatzen duten emanaldia Kilometroak jaiari begira jarri dute aurten, euskara eta zeinu hizkuntza uztartzeko bideak irekiz. Gaur bertan izango da ikuskizuna, 20:00etatik aurrera, eta sarrerak salgai daude hiru euroren truke, Orbela, Raku eta Ikatza tabernetan, Laskorain ikastolan, Ahora! dendan nahiz Leidorreko leihatilan.
Musikak, antzerkiak eta ipuinek bat egingo dute Leidorreko oholtzan, eta zeinu hizkuntza komunikatzeko bide dutenen errealitatea ezagutzeko ere balioko du saioak: «Pertsona gorrok ere, Kilometroak egitasmoak orain arte izan duen ibilbidean parte hartu izan dugu gainontzeko euskaldun askok bezala. Orain gertutik bizitzeko aukera dugunez gure ikuspuntua eta bizipenak ezagutarazi nahi ditugu», diote.
Horrela, zeinu hizkuntzaren ikasketa prozesuan ahozko hizkuntzak ikasteko dituzten trabak gizarteratu, eta euskarazko zeinu hikuntza estandarrik ez izateak beren egunerokoan sor ditzakeen gorabeherak ere plazaratuko dituzte: «Finean, zeinu hizkuntza ere hizkuntza gutxitua baita, euskara bezala».
Egitaraua
-Bremengo musikariak ipuin kontaketa zeinu hizkuntzan.
-El círculo zeinu hikuntzan eginiko filma euskarazko azpitituluekin.
-Ainhoa Moiua, Maite zaitut abestia zeinu hizkuntzan eginez.
-Zeinu antzerkia taldearen emanaldia eta antzerki taldea euskaraz.
-Euskal dantza.
-Loretxo pailazoaren ekitaldia.