Basurdeek egindako txikizioekin, etsita

Ataria 2013ko irailaren 26a

Basurdeek kalte  handiak eragin dituzte azken hilabete honetan. Horren lekuko Iñaki Zuriarrain eta Andoni Garmendia orendaindarrak, eta Jon Garmendia baliarraindarra dira. Euren artasoroetan txikizioa nabaria da. Urtetik urtera arazoa handitzen doala diote, eta irtenbidea eskatzen dute, etsita.

Iñaki Zuriarrain Larraspi baserriko semea da. Bere soroan artoek hiru metroko altura dute, eta artoa laster egongo da biltzeko puntuan. Zuriarrainen ukuilutik begiratuta arto soro sail ederra ikusten da, tartean hutsune handi batekin. 50x15 izan daiteke txikizioaren neurria. Horrez gain, Larraspiko semeak dioen bezala, «basurdeek banakako landareetan ere kalte handia eragin dute, gora eta beherako ibilbide horretan».

Galera, ez da amaitzen ikusten den horretan bakarrik. Aurretik eta ondoren, lanaz gain, beste ondorio batzuk izaten ditu txikizioak. Irabi baserriko Jon Garmendiak ongi ikasita dauka ikasgaia: «Basurdea ibili den gune hori zikina geratzen da; ondoren ez da belar hazirik etortzen; lurra preparatzeko makina korapilatuta gelditzen da; udaberrian ez da belarrik etortzen, eta ondorioz, sasia gelditzen da. Kaltea izugarria da».

Hiru baserritarrek, etsita eta nazkatuta, irtenbide bat eskatzen dute: «Ehiza denboraldia hilabete aurreratzea erabaki dute, arazoa ikusita. Uxaldiak egiteko aukera ostegunetan eta asteburuetan dute ehiztariek. Hala eta guztiz ere, aurten hiru basurde bakarrik bota dituzte, eta hemen 300 baino gehiago dabiltza. Iaz 100 bota zituzten, eta beste 150 gelditu ziren. Hiru botata hemen ez da ezer konpontzen».

Andoni Garmendia Orbelo baserrikoa da, eta adibide gehiago jartze aldera, orendaindar batzuei gertatua kontatzen du: «Gure arazo berdinekin zebiltzan, eta ehizerako baimena zutenez, inguru hauetan basurdeak botatzeko baimena eskatu zuten, hau da, beraien etxean eta inguruetan. Ukatu egin diete».

Hiru baserritarren ustez, hasteko basurde kopurua gutxitu beharko litzateke, «eskuetatik joan baitzaie». Jon Garmendiak gauza guztiek bere onura dutela dio, baina bere mailan eta orekan. Konparaketak egite aldera, baserria eta kalea alderatzen ditu: «Tolosan uso kopurua 18 aldiz gehituko balitz, zer gertatuko zen? Gu baserritarrak gara, lau katu, eta gainera gure artean ez gara askotan ados jartzen. Ondorioz, hutsaren pare jartzen gaituzte».

Babesik gabe daudela diote baserritarrek, eta ardura duenak, ezer ez duela egiten gaineratzen dute. Zuriarrainek eskariei zenbakiak gehitzen dizkio: «300 euroko kalte ordainak eman zizkiguten iaz. Traktorea martxan jartzeak horrenbeste balio du. Hektarea bat txikitu ziguten iaz, 45 tona arto, eta kalte ordaina 300 euro? Uko egin genion diru horri. Hektarea baten balioa merkatuan ez da 300 eurokoa, ezta urrutitik ere».

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eskari, kritika, adibide eta salaketa gehienek Gipuzkoako Foru Aldundia dute jo puntuan. Gaur dira aldundiko kideekin elkartzekoak baserritarrak, baina orain arteko esperientzia ikusita, zer gertatuko den aurreikusten dute: «Etorriko dira, eskuak burura jasoko dituzte, eta 189 euroko kalte ordaina emango digute. Bai, 189 eta ez 190. Guk, behingoz, konponbideak nahi ditugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!