Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza Frankismoko torturatzaileak atxilotzearen aurka azaldu da. Javier Zaragoza buru duen sailak Auzitegi Nazionalean aurkezturiko idatziak dioenez Argentinako Justiziak estradizioa eskatutako lau torturatzaileen badaezpadako atxiloketa «ez da bidezkoa», gertakariak «aspaldikoak» direlako. Hala ere, ez duela estraditazioaren aurka egingo iragarri du.
Maria Servini Argentinako epaileak Jesus Muñecas Aguilar, Celso Galvan Abascal, Jose Ignacio Giralte eta Juan Antonio Gonzalez Pacheco Frankismo garaiko poliziak atxilotzeko eta estraditatzeko eskatu zuen, Frankismo garaian egindako torturei buruz galdeketzeko. Hain zuzen ere, Muñecas Tolosako Guardia Zibilaren koarteleko buru izan zen.