Tolosa C.F.: 91 urteko lana pikutara?

Ataria 2013ko irailaren 25a

Hilabetea amaitu baino lehen inork zuzendaritza hartzen ez badu, bai, Tolosa CF-ren ia mende oso bateko lana ezerezean geratuko da. Hori da taldeak une honetan bizi duen errealitate gordina, izan ere, astebetean inor agertu ezean, kluba desegin egingo da, eta bere jarduera oro bertan bera geratuko da.

Iñaki Arratibel, orain arteko lehendakariari duela sei hilabete amaitu zitzaion agintaldia, baina ondoren ez zen inor aurkeztu kargu horretarako. Urte erdi gehiagoz presidente lanetan aritu bada ere, ibilbideari amaiera emateko ordua iritsi dela azaldu du, legeak ere horrela dioelako.

«Gure araudiak dionez, gehienez bi legealdi, zortzi urte, egon daiteke pertsona bat buruan. Guk bete ditugu urte horiek eta estatutuen arabera, inor aurkeztuko ez balitz, kluba desegin beharko litzateke. Luzatu egin da, baina nik nire betebeharrak ditut eta ezin dut jarraitu horrela. Egoera larria da», azaldu du Arratibelek.

Lan erraza, interes asko

Larritasuna erabatekoa da, 800 gaztek baino gehiagok utziko bailiokete kirola egiteari. «Lehendakaritzara inor ez aurkezteak esan nahi du inorri ez zaiola interesatzen egiten dena, eta gure kasuan hori ez da horrela, jende asko baitago gure atzean». Pertsona horien esku hartzea beharrezkoa dela dio Arratibelek, baina horretarako «egiten den lanaren balioa ondo baloratu behar da».

91 urteko iraupena izatera iristeko gakoa «benetako balore emate» hori dela aitortzen du tolosarrak: «Atzean ehun pertsona daude lanean, eta eurei esker posible da hau guztia. Orain guztia koordinatu eta kanpora begira harremanak izateko buru bat behar da».

Lan hori «erraza baina egin beharrekoa» dela aitortzen du Arratibelek: «Eguneroko lanean ardura gehiago dute klubeko gainontzeko alorretako arduradunek. Presidenteak guztia koordinatzen du, eta kanpora begirako klubeko irudia da. Arazoren bat bada, berarengana jotzen dute gurasoek. Instituzioekin harremanetan dagoena ere bera izaten da. Lan txikiagoak dira, kargatzen dutenak, baina erraz eraman daitezkeenak».

Badirudi argia badela

Pasa den ostiralean, Topic zentroan ezohiko batzarra antolatu zuten bazkideei egoera honen berri emateko, eta bileratik itxaropentsu irten zen Iñaki Arratibel.  «Oso emotiboa izan zen niretzat, eta lehertu egin nuen. Baina amaieran batzuk hurbildu zitzaizkidan zerbait egiteko prest daudenak. Kontziente ziren zerbait egin behar dela». Oraindik akordio ofizialik ez dagoen arren, badirudi Tolosa CF ez dela ahanzturan eroriko.

Hilabete amaierara arte interesa duen edonork klubera deitu dezake. Behin epe hori pasata dagoen taldearekin lanean hasi eta hiru edo lau hilabete iraungo dituen programa bat eratuko dute, egokitzapena errazagoa izateko.

Etorkizuneko lehendakari berria, prozesu horretan bakarrik izango ez dela azaldu du Arratibelek. «Lasaitasuna mantentzea garrantzitsua izango da. Gainontzean gu ere alboan izango gaitu laguntzeko». Jendeari ere pazientzia eskatzen dio: «Bere denbora libretik jartzen du besteen zerbitzura egoteko, eta ahal duena egiten du. Batzuetan hobeto, besteetan okerrago. Baina pazientzia izaten bada errazagoa izango zaio».

Iñaki Arratibel Tolosa CF-ko lehendakari ohia

«Gizarteak ulertu behar du klubak ezinbestekoak direla»

Iñaki Arratibelentzat zailagoak izan dira azken sei hilabeteak aurretik pasatako zortzi urteak baino. Ez zaizkio garai errazenak tokatu, baina egindakoarekin pozik ageri da. Etorkizunari begira itxaropentsu eta kezkatuta ageri da aldi berean, Tolosa aurrera aterako dela uste baitu, baina gizarteak alor horretan arazo larri bat duela baitio.

Zer nolako balorazioa egiten duzu zure agintaldiaren inguruan?

Ez da garai erraza izan. Lan askoko urteak izan dira: estatutuen aldaketa, udaletxearekin hitzarmena, Berazubiko lanak... Baina azken sei hilabeteak zailagoak izan zaizkit, egindako lan guztia pikutara joango zela ikusten nuelako.

Kluba ekonomikoki ondo dago, beraz, zein izan daiteke lehendakaritzara inor ez aurkeztearen arrazoia?

Gizartearen arazo bat da. Nire lanagatik klub askotako errealitatea ezagutzeko aukera izan dut eta leku askotan gertatzen ari da. Gizartea ez dago prest horrelako inplikazio bat bere gain hartzeko eta hori oso tristea dela iruditzen zait. Duela bost edo sei urte, Aldundian egindako bilera batean esan nuen ekonomikoa baino lehen, giza arazoa okerragoa izango zela, eta gertatzen ari da.

Baina era berean gizarteari berari zerbitzu bat ematen dio Tolosak, ezta?

Dudarik gabe, eta horrek hausnarketara bultzatu behar gaitu guztiok, izan ere, denon inplikazioa behar du honek. Nire kezka agian hau pasako dela, baina berriz ere itzuli daitekeela da.

Eta zer diote erakunde publikoek?

Ez da beraien kontua, gizarte zibilarena baizik. Katalunian adibidez udaletxeei lotuta daude erabat eta askoz ere mugatuago daude. Hemen gizarteak egiten du lan eta hori asko baloratzen da. Udaletxeei, ordea, bai eskatuko nieke erraztasunak ematea.

Zein motatako erraztasunak?

Instalakuntzen erabileran adibidez, pribatu gisa kontsideratzen baita eta klubeko partaide guztiek bazkide egin behar dute. Musutruk jende asko aritzen da lanean eta horrelakoak zainduz gero errazagoa litzateke. Udalarekin harremana estua da, baina indartuko nuke.

Egin ez duzun zerbait egiteko gomendatuko zenioke zure hurrengoari?

Gauza asko, baina hori ez da kontua. Eurek ere parte hartu behar dute. Baina pentsatzen jarrita, Tolosak kirol munduan duen irudia indartuko nuke. Arrauna, saskibaloia, igeriketa, judoa, txirrindularitza, futbola... ia Tolosako populazioaren %10 biltzen dute talde horiek, eta gizarteari helaraziko nioke ezinbestekoak direla guztiak. Komunikazioa ere hobetuko nuke, gazteengana iristeko.

Iritsiko al da  Tolosa mendeurrenera?

Itxaropentsua naiz. Gizartea konturatuko da kluben beharraz, eta ez ditu erortzen utziko. Kate bat bezala da. Gure garaian guk kirola egin ahal izateko beste batzuk egin zuten lan. Uste dut kate hori ez dela eten behar, eta ez dela etengo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!