Joseba Otaegik geldirik egon beharko du urtebetean

Ataria 2013ko irailaren 24a

Alex Txikonek botatako apustua ezin izan du onartu zizurkildarrak, bizkarreko arazoagatik

Joseba Otaegi aizkolari zizurkildarrak ezin izango du urtebetez lehian aritu, bizkarrean duen arazo bat medio. Horrela, beraz, Alex Txikonek duela bi aste bota zion apustua ere egin gabe geratuko da, oraingoz.

Pasa den ostiralean Tolosako Kantabriko tabernan hitzordua jarri zion Alex Txikonek, Joseba Otaegiri. Erronkak, guztira, bost proba biltzen zituen, pentatloi itxura hartuz: aizkora, harri jasotzea, txinga, gizon proba eta lasterkako proba egitea proposatu zion. Txikon lemoarrak, gainera, bakoitzak 10.000 euro jokatzea proposatu zuen, eta apustua Tolosako zezen plazan egitekoak ziren.

Joseba Otaegik, segituan azaldu zuen bizkarreko arazoekin zebilela, eta Kantabrikoko hitzorduan Txikoni denbora gehiago eskatuko ziola nabarmendu zuen.

Joan den astean barrena, ordea, erresonantziak egin eta gero, «urtebetean ezertan ez aritzeko» gomendioa eman diote medikuek Joseba Otaegiri: «Hasiera batean hilabeteko epea eskatu nahi nion, bizkarra sendatu eta neronek ere probak egin ahal izateko. Medikuak esandakoari jarraituz, ordea, ez da apusturik izango».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!