Pigott senar-emaztea Bentley etxeko autoarekin Tolosan[/caption]
Bidaiatzeko modu ugari daudela gauza jakina da. Oinez, garraio publikoa erabiliz edo norbere autoarekin egin dezake bidaiariak jomuga moduan jarri duen tokira iristeko bidea. Tolosan geldialditxoa egin duen Ingalaterrako bikotearen kasuan, lau gurpildun auto berezia aukeratu dute, 80 urteko historia duen Bentley etxeko kotxea, hain justu.
Colin Pigott eta bere emazte Ray Pigott galduta ibili dira aste honetan Euskal Herriko errepideetan, eta Tolosako herrigunean sartzera behartuta ikusi dituzte euren buruak. Santanderrerako (Espainia) noranzkoa zuten helburu, eta okerreko bidean zihoazela konturaturik sartu ziren Tolosara. Bertako Araba etorbideko biribilgunean patxada handiz geratu, eta Bentley etxeko autoaren barruan, mapa aztertzeari ekin zioten.
Estilo klasikodun auto dotorea dela kontuan harturik, ikusmin handia piztu zuen une horretan euren aldamenetik igaro zirenengan. Ez da ez, harritzekoa, benetan baita esklusiboa pigottarren autoa. 1930. urtean eginiko autoa da, eta Le Mans-eko 24 orduko Txapelketan parte hartzeko prestatua izan zen. Balioari dagokionez, etxe arrunt batengatik ordaindu daitekeenarekin pareka daiteke.
Bada, auto berezi eta bakar honetan hamabi eguneko bidaia burutzen ari direla egin dute tupust Tolosarekin. Ingalaterratik Frantziara, bertatik Euskal Herrira sartu, eta hemendik Espainiara. Han egun batzuk igaro ostean, itzulera Ingalaterrara.
Ez da, ordea, auto honetan egiten duten lehen bidaia. Iragan maiatzean Australian izan ziren gisa horretako autoen topaketa batean, eta pasa den urtean bi hilabete egin zituzten autoz Hegoafrika gurutzatuz.
Euren istorioa jatortasunez kontatu eta hainbat argazki egiteko baimena eman ostean, Donostiako norabidean jarri zituzten gurpilak, irribarretsu agur esanez. Kasualitatearen erruz, Pigott familiak euren mapan lekutu du Tolosa, eta Tolosak, berriz, historia handiko auto bat ikusi du bere kaleetatik.