Azken urteotan ekonomiaren egoera kaskarrak guztia baldintzatzen duela dirudi: enpresak ixtea, langabezia, honen ondorioz datozen desjabetzeak,... Krisi garaiei ideia eta proiektu berritzaileekin aurre egiten dionik ere bada, ordea, eta eskualdekoak dira ekintzaile horietako asko. Lehiberri zentroak, bere lau lan ildo nagusien artean, martxan jarri berri ditu eskualdeko enpresa eta ekintzaile berrientzako haztegiak; jaio berri diren egitasmoentzako habi izango dira, eta beren jarduna garatzeko bideak irekiko dizkiete.
Haztegi hauek, finean, enpresen egitasmoak kokatzeko leku fisikoa eskaintzen diete ekintzaileei, oinarrizko baliabideekin batera. Zazpi bulegotatik hirutan ideia berriak martxan dira jada, lau lanpostu berri sortuz. Marka estrategia eta diseinua, on-line bidezko sukaldeko tresnen salmenta eta ekitaldi eta jardueren antolakuntza nahiz kudeaketa dira, Lehiberrin abian jarritako hiru proiektu berrien lan esparruak, eta ekintzaileen gaztetasuna azpimarratzekoa da.
«Ideia onak dituen eskualdeko jendeari lagundu nahi diogu, eta Lehiberri horretarako tresna da», azaldu du Ibai Iriarte Lehiberriko lehendakariak. Tolosaldeko hutsuneak bete, teknologia berrienekin batera lan egin eta eskualdean lagungarri izan daitezkeen ideiak beharrezkotzat jo ditu Iriartek, eta gaur egun haztegietan dauden hiru egitasmoak aho batez onartuak izan zirela nabarmendu du: «Uztaileko administrazio kontseiluan baiezkoa eman genien denok hiru enpresei».
Horren harira, haztegiek badituzte zenbait helburu zehatz: enpresa berriak sortu eta finkatzea nahi dute, batetik, eta horrekin batera lanpostu berriak sortzea; azpiegitura fisikoa eskainita, gainera, enpresaren leihakortasun aukera handiagotzea da jomuga nagusietako bat. Tolosaldea Garatzenek bi hamarkada daramatza jardun honetan, eta enpresen aholkularitzan, bideragarritasunean, finantziazioan nahiz prestakuntzan egindako lanarekin, «azken hamar urteotan 300 mikroenpresa martxan jarri dira eskualdean, 500 lanpostutik gora sortuz», Tolosaldea Garatzeneko autoenpleguko Jon Zubeldia arduradunak azaldu duenez.
Urte horietan guztietan egin dako lan horren gainean, ordea, balio erantsia dute Lehiberriko haztegiek, eta «azpiegitura fisikoa baino zerbait gehiago dira». Bi lanpostutarako egokituriko bulegoak dira, eta enpresentzat bi bilera gela ere badira, bezero, hornitzaile nahiz kolaboratzaileekin elkartzeko. Haztegi bakoitzak, gainera sarbide independientea du, eta 24 ordun sartzeko aukera dute ekintzaileek.
Honez gain, sinatu berri duten alokairu hitzarmenaren bidez zentroko teknikarien aholkularitza, doako Wifia, berogailu eta aire egokituan geotermia sistema, argindarraren kontsumoa eta zentroko azpiegituren erabilera eskainiko dizkiete enpresariei. Azkenik, aipatzekoa da bulegoen alokairua hobariduna izango dela, eta gehienez ere hiru urtez erabili ahal izango dituztela.
Jon Zubeldiak azaldu duenez, bulegoetako lanpostu konpurua nahiz haztegi kopurua eskualdea aztertu ondoren erabakitakoa da: «Tolosaldearen ezaugarriak eta eskualdeko mikroenpresenak ezagututa, bi lanposturako zazpi haztegi egokitzea erabaki genuen».
Honenbestez, Lehiberri zentroko arduradunak hutsik dauden beste lau haztegiak egitasmo berriekin betetzeko gogoz daudela azpimarratu dute. Kutsu berritzailea duen proiektu edo jardueren bila dabiltza, eta horretan ari den eskualdeko jendea animatu nahi izan dute; Lehiberri zentroarekin harremanetan jarri besterik ez da egin beharko, lehiberri@lehiberri.net helbidera idatzita.
Haztegietako lehen enpresa egitasmoak
Chroma Branding. 23 urte dituzte Juan Urretabizkaia eta Iker Alkortak, eta marka estrategian eta diseinuan espezializaturiko enpresa berritzailea sortu dute. Markak sortu eta kudeatzen dituzte, enpresa, merkatari eta ostalarientzat nahiz erakunde publiko eta pribatuentzat. www.chromabranding.com da web ataria.
Menajeando.com. 35 urte ditu Nerea Puentek, eta teknologia berrietan oinarrituriko e-commerce proiektua da berea. Sukalderako tresnak on-line salduko ditu, lehen mailako markekin lan eginez, eta norbanako partikularrei nahiz ostalaritzako sektoreari begira sortu du enpresa. www.menajeando.com da bere erakusleihoa.
Bizzia.net. Gemma Zelaiak 29 urte ditu, eta ekitaldien antolaketaz eta kudeaketaz arduratuko den enpresa sortu du. jardunaldiak, hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak, kirol ekitaldiak eta halakoak diseinatu eta kudeatzen ditu, hezkuntza zentro, kirol talde, udal nahiz partikularrentzat. Bere berri izan daiteke www.bizzia.net atarian.