Tolosarren elkargune berdea

Ataria 2013ko irailaren 12a

Tolosarrak nekazaritzara gerturatu eta lurra modu ekologikoan lantzen ikasteko egitasmoak eman ditu lehen fruituak. Iurreamendiko baratze parkean, ordea, giza harremanak izan dira erabiltzaileentzat, uztarik oparoena.

Erabiltzaile nahiz egitasmoko sustatzaile guztiak gustura agertu dira baratzeen funtzionamenduarekin.

Bi hilabete joan dira jada, Iurreamendiko lursailetan baratze parkeak martxan jarri zirenez geroztik. Denbora horretan guztian, uztailean lur eremu hutsa zena parke berde bilakatu da, eta baratzezainak ari dira jada fruituak jasotzen. Besteak beste nekazaritzara hurbiltzeko egitasmoa zenak, ordea, harreman sareak ere sortu ditu, eta Iurreamendi egoitzako arduradunak, Tolosako Udala, Kutxako Ekogune fundazioa nahiz erabiltzaileak «oso pozik» azaldu dira, Iurreamendiko baratzeetan herritarren artean sortu den elkargunearekin.

Ibai Iriarte alkateak, baratzezainek egiten duten lana azpimarratu nahi izan du: «Baratzeak martxan daude jada, jendea egunero-egunero lanean ari delako. Indarrez ari dira, gainera, jardun honetan, eta sortu dute jada baratzezainen elkartea ere». Horrela, Iurreamendiko baratze parkeetako erabiltzaileen elkartea eta zuzendaritza, erabiltzaileen eta udalaren arteko bitartekari lanetan arituko da, unean uneko beharren arabera.

Baratzeak erabiltzen hasi aurreko ikastaroarekin, eta bi hilabetean lurrak emandako esperientziarekin, nekazaritza ekologikoak Iurreamendin hartu duen garrantzia ere aipatu nahi izan dute udaleko nahiz Kutxa Ekoguneko arduradunek. Izan ere, «ingurugiroarekiko eta osasunarekiko errespetua baratze hauen helburuetako bat izan da hasieratik». Iurreamendin ereindako produktu guztiak, horrela, garaian garaikoak izango dira, eta Iriartek azaldu duen bezala, «nekazarien lana baloratzeko balioko du honek: baratze batek zenbaterainoko lana dakarren, zer eskaintzen duen, aisirako zein aukera ematen dituen...».

Honenbestez, udazkena gerturatzearekin batera, pixkana bestelako fruituak erein eta biltzen hasiko dira 81 lursailetako erabiltzaileak.

Aisiarako gune berria

«Azpimarratu beharrekoa ez da baratzagintza ekologikoa bakarrik», Ekoguneko baratze proiektuen arduradun Xabier Estebanek azaldu duen moduan.

Horrela, Estebanek Iurreamendi egoitzaren aurreko lursaila herritarren bilgune bilakatu dela nabarmendu nahi izan du: «Baratze parkeen egitasmo osoaren helburu guztiak borobildu dira Tolosan, izan ere, bi hilabetean baratzeek izan duten aurrerakadaz harago, elbarri eta langabeak ere ari dira baratzeak ustiatzen, gizartea baserri mundura gerturatu da, eta harreman sareak sortu dira belaunaldien artean».

Herri baratzeen egitasmoak Iurreamendiko egoiliarrei ere sekulako aldaketa ekarri diela azaldu du egoitzako zuzendari Elena Basagoitiak, beren bizi kalitateak hobera egin duela azpimarratuz: «Egoitza herrigunean ez dagoenez, lehen senide eta lagunak bakarrik bertaratzen ziren gehienetan. Orain, ordea, baratzeek herria hona ekarri dute neurri batean, eta oso aberasgarria da egoiliarrentzat, jendea hemen gora eta behera ibiltzea; erabiltzaileekin oso harreman ona sortu da hasieratik, eta baratzeetarako aholkuak ematen ere aritzen dira egoiliar batzuk».

Parkea, beraz, aisiarako gune berri izatera pasa da, tolosar askok egunero bisita egiten baitute bertara. Honen harira, Ibai Iriartek bertaratzeko deia egin die herritarrei, «baratzezainen lana ezagutu eta paseo bat ematera».

Aipatzekoa da, tolosarrentzako aisialdi gune berri honetan, udalak baratzeen arteko bideak zabaltzeko asmoa duela, eta era berean, fruta-arbolak landatuko dituztela baratzeen inguruko lur zati txikietan.

Aukera berri bat

Urko Peñak eta Josu Otaño ez zuten, orain dela gutxira arte, trebetasun handiegirik lurra lantzeko kontuetan. Udalak eta Ekogunek sorturiko herri baratzeen egitasmoak, ordea, aukera berri bat eskaini die beren egunerokoan, langabetu eta elbarri diren aldetik. Erabiltzaileen elkarteko zuzendaritzako kide dira biak, eta «sekulako esperientzia» izaten ari dela nabarmendu dute.

Udalak «lan handia» egin duela uste du Josu Otañok: «Herri guztietan beharko luke horrelako gune batek». Langabezian egonda, eguna zereginekin betetzeko aukera ematen dio, eta era berean, asko ikasten ari dela azaldu du: «Gainera, lagunak egiten ari naiz, eta emaztearekin batera lursaila landuta, janari pixka bat etxera eramateko aukera ere ematen digu».

Urko Peñak, berriz, elbarriei bideraturiko lursailetako bat ustiatzen du. Beste baratzeak bezala lurzoruaren parean egon beharrean, bere partzela altuago dago, eta gurpildun aulkitik lurra erraztasunez lantzeko aukera ematen dio honek. Jendearen erantzun ona azpimarratu du: «Bi hilabetean bizitza handia hartu du honek, eta hasiera behintzat oso ona izan da, jada produktuak kontsumitzen ari gara eta. Herritarrak gonbidatuko nituzke, Iurreamendiko eremua nola aldatu den ikustera».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!