27 garagardo mota dastatzeko aukera izango da gaurtik aurrera Tolosan

Ataria 2013ko irailaren 12a

Gaur arratsaldetik aurrera, Garagardo Festa ospatuko da Tolosako Zerkausian. Duela hamabost urtetatik hona, Toloca C.F. emakumezkoen txirrindularitza taldeak, Tolosaldea IKT-k, Tolosa Judo Taldeak eta Tolosako urpekarien taldeak elkarlanean antolatzen duten azoka da hau, eta igandera bitartean izango da zabalik.

Guztira, 27 garagardo mota ezberdin dastatzeko aukera izango da. Horietako bost normalak dira, eta gainontzekoak bereziak. Berezien artean, hamar hori, zazpi ilun, gorri bat eta lau beltz izango dira. Gehienak, jatorri alemaniarra dute, baina Belgikako, Txekiako eta Irlandako garagardoak ere edateko aukera izango da. Tartean da 2010. urtean Alemaniako garagardo hoberenaren saria irabazi zuena.

Jateko ere ohiko eskaintza izango da: Bratwurt eta Frankfurt motako saltxitxak, burruntzia, ukondoa, patata frijituak, saltxitxa ogitartekoa, eta postre moduan, gazta eta irasagarra, eta euskal pastela. 18:00etan irekiko ditu ateak egunero azokak, eta ostiralean eta larunbatean gauerdira arte izango da zabalik. Gaur eta igandean, berriz, 23:00etan itxiko dute, hurrengo eguna lan eguna baita. Bestalde, ostiralean, Tolosako Musika Banda kalez kale ibiliko da jatorri alemaniarra duten kantuak joz.

Aurtengo berrikuntza nagusia, jateko erabiliko den materiala guztiz konpostagarria izango dela da. «Guztia zakarretara botako da, eta konposta egingo da. Ondoren,  zakarretara bota denaren emaitzak ikusiko ditugu», esan dute antolatzaileek.

Eskaintza

Normalak (2,5 euro)

Damm Lemon. Horia, 3,2º. %60 garagardo, %30 limoi eta %10 lima duen edaria.

Damm Bier. Alkoholik gabea.

Estrella Damm. Horia. 4,8º. Gari eta garagar maltekin egina. Laranja zapore puntua du.

Radeberger Pilsen. Garagardo Horia. Alemaniarra. 5º. Zapore handikoa, mikatz puntua du.

Budweiser. Horia, nazioartekoa. 5º. Zapore suabea.

Horiak (3,5 euro)

Leikeim Premium. Alemaniarra, 4,9º. Usain fin eta lehorra. Zapore ona, leuna eta mikatz atsegina.

Leikeim Kellerbier. Alemaniarra, garagardo klasikoa. Ezti usain gozoko ukituak ditu. 4,9º.

Leikeim Steinbier. Alemaniako garagardo hoberenearen saria irabazi zuen 2010ean. 5,8º.

Maisels Weisse Original. 4,9º. Legami bereziarekin egina. Zapore zertxobait pikantea. Artisau garagardogintzakoa.

Leikeim Steinweisse. Alemaniarra. Gari garagardoa, Leikeim hori zuriaren karamelu ukitu finarekin. 5,5º.

Leffe. 6º. Belgikarra, abadiakoa, eta tenperatura baxuan irakindakoa.

Hoegaarden. Belgikarra. 5º. Iragazi gabea eta arre samarra.

Paulaner Weissbier. Alemaniarra. 5,4º. Gariarekin egindako Bavierako garagardo tradizionala. Erabilitako legamiaren eraginez arre samarra.

Paulaner Original Munchnen. Alemaniarra, 5º. Kolore argikoa eta mikatz puntua duena.

Jacobinus Classic. Eschweger Monastegi Agustinoan egina, garagardo disdiratsu eta zaporetsua. Ahoan sentsazio fresko eta mikatz fina uzten du. 4,5º.

Ilunak (3,5 euro)

Voll Damm. Malta kantitate bikoitza du, gorputz eta zapore handikoa. 7,2º.

Maisels Dampfier. Legamia freskoa eta fruta usaina du. Dastatzeko atsegina. 5,2º.

Altenburger Festbier. Alemaniarra, gorputzarekin, leuna eta malta zapore atseginarekin. 6º.

Altenburger Bock. Alemaniarra, artisautzako garagardo indartsua, zapore minarekin. 6,7º.

Leikeim Dunkle. Gari garagardo alemaniar beltza, legami finarekin, txigortu usaina, zitriko eta platano ukituekin. 5,5º.

Affligen Dubble. Belgikarra. Abadiakoa, artisau garagardogintzakoa da. 7º.

Paulaner Salvator. Alemaniarra, zapore atseginekoa. Berezia. 7,5º.

Gorria (3,5 euro)

Leffe. Belgikarra. Abadiakoa. Garagardo horia eta beltza nahastuz egina. 6,8º.

Beltzak (3,5 euro)

Budejovicky Budvar. Txekiarra. Bere kolore ilunak nabarmentzen du. Karamelu mikatzaren ukitu txiki bat du eta malta txigortuaren usaina.

Leikeim Scwarces. Alemaniarra. Pilsen motako txinparta, kafe eta txigortu usain ukituekin. 4,9º ditu.

Bock Damm. Gorputz handikoa. Malta zapore handia eta zertxobait gozoa. 5,4º.

Guinness. Irlandarra. Garagardoen erregina, apar krematsua. Lasai edatekoa. 5,4º.

Jakiak

Bratwurt saltxitxa. 2,5 euro.

Frankfurt saltxitxa. 2,5 euro.

Burruntzia. 2,5 euro.

Ukondoa. 9 euro.

Saltxitxa ogitartekoa. 2,5 euro.

Patata frijituak. Euro 1.

Gazta eta irasagarra. 2,5 euro.

Euskal pastela. 2,5 euro.

Bestelakoak

Ura. Euro 1.

Freskagarriak. 1,5 euro.

Pitxarra. Euro 1.

Txartelak. Trianguloan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!