Sei gune handiren bueltan, zazpi kilometroko Ahora! ibilbidea prest dago

Ataria 2013ko irailaren 12a

Kilometroak jaiaren egun handia iristear da, eta dagoeneko ezagutzera eman dute Tolosako herrian barrena prestatu duten ibilbidea. Sei gune handi eta beste sei gune txiki izango dituen ibilbideak zazpi kilometroko luzera izango du.

Urriaren 6an izango den Kilometroetako zirkuitua.[/caption]

Sei gune handiak, San Esteban, Usabal, Zabalarreta, San Blas, Zumardiaundia eta Lizardi plaza izango dira. Aldiz, sei gune txiki ere prestatuko dituzte Iurreamendi, Izaskun, Berazubi, Ferialekua, zezen plaza eta Maxi Eroskin. Sei eszenatoki, 26 musika talde, 11 haur ikuskizun, 15 talde ibiltari eta beste hainbat dantza, antzerki, tailer eta kirol emanaldi tartekatuko direla adierazi dute antolatzaileek, «kultur eskaintza paregabe bezain dinamikoan».

Kultur eskaintzaz gain, aukera gastronomikoa ere «ikaragarria» izango dela adierazi dute. Bi jantoki handik, zirkuituan zeharreko label produktuen aukerak, eta  ohiko ogitarteko eta mokaduen eskaintzak osatuko dute. Honekin guztiarekin, denen gustuak asetu eta denen gogoa asetuko dute.  Antolakuntzak, ordea, kontsumo arduratsuaren aldeko kanpaina abian jarriko du, eta ondokoa zein norberaren errespetuarekiko deia zabalduko ditu.

Ibilbideak kalea zein landa ingurua zeharkatuko du, beti ere ingurugiroarekiko errespetua eta hondakinen murrizte eta sailkatze sistematikoaren filosofia zainduz. Zehazki honako hauek izango dira zirkuituak erabiliko dituen eremuak: San Esteban, San Estebango lurpeko pasabidea, Arabako Etorbidea, Iurreko ibaiondoa, Usabal, Iurreamendi, Berazubi (M.J. Iraola), Kondeaneko aldapa, Zabalarreta, San Blas bidea, San Blas ermita, Zumain, Zumardiaundia, Zubiberria, Lizardi plaza, zezen plaza, Pedro de Tolosa, Geltokiko plaza eta San Estebango lurrazpiko txikia.

Antolakuntzak eta Tolosako Udalak, aldez aurretik informazio zehatza emango die kale horietako bizilagunei, bai norberaren ibilgailuarekin izan beharreko jokabideez, eta baita unean uneko argibideez.

Azken txanpara sartzen ari dira, eta urtean zehar egindako ekitaldi eta jarduerek hilabete honetan, oraindik ere, izano dute segidarik. Bilbao Basket vs Gipuzkoa Basket saskibaloi partida Usabalen, Laskorain ikastolako historiaren dokumentalaren aurkezpena, Gainditzen elkartearen antzezpena Leidorren edota Bizikleta Martxa izango dira, besteak beste.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!