Pentsioen erreformaren aurka protesta egingo dute bihar Tolosan

Ataria 2013ko irailaren 11

Erretirodunek elkarretaratzera deitu dituzte gazteenak ere, «erreformak eurei eragingo dielako»

Tolosako erretirodun eta pentsiodunen elkarteak elkarretaratzea antolatu du biharko, Trianguloa plazan. 19:00etatik aurrera, eta Pentsioak ukitzen dituenak ez dauka nire botoa lelopean, pentsioak KPIaren eboluzioaren arabera moldatu behar direla aldarrikatuko dute, besteak beste.

Pentsiodunek alderdi politiko guztiak ohartarazi nahi izan dituzte, eta pentsioak aldatuz gero, aurrerantzean beren bozkarik ez dutela izango argi azaldu dute.

Horrela, KPIak urtez urte jasaten dituen aldaketen arabera pentsioak aldatzea bidezkoena dela defendatzen dute, «batez ere errenta baxuenen kasuan». Honi, kopuruek bizi itxaropenarekin harremanik ez dutela ere gaineratu diote: «Bizi itxaropena handitzeak ez du esan nahi urtean diru sarrera gutxiago izanda bizi gaitezkeenik».

Horrela, eta sistema jasangarria ez baldin bada, diru sarrerak nolabait handitzea proposatzen dute, kuotak areagotuz nahiz enpresen aktibitateko zergaren bat horretara bideratuz.

Aipatzekoa da, Tolosako udal gobernuak bat egin duela hitzorduarekin, eta herritarrei ere parte hartzeko deia egin diela. Bide beretik, pentsiodunek herriko gazteak ere inplikatzea nahi dute, «erreformak, azken finean, eurei eragingo dielako».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!