Emakume taldeen arteko sareak sortzea bilatuko du Batea! jardunaldiak

Ataria 2013ko irailaren 11

Tolosako kultur etxean izango dira Euskal Herri osoko emakume taldeen arteko topaketak, larunbatean

Joan den urtean Tolosako denbora bankuko kideek antolaturiko topaketan, murala margotzen.

Emakume taldeen, talde feministen, elkarteen nahiz esparru honetan aritzen diren beste hainbat talde eragileren artean sareak sortzeko asmoz, Batea! izeneko bigarren topaketa izango da larunbat honetan, Tolosan.

Donostiako Emakumeen Etxea elkarteak antolaturiko egitasmo honek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren laguntza izango du, eta emakumeek gizarteko hainbat esparrutan elkarrekin hobeto funtzionatzeko moduak bilatuko dituzte, besteak beste, elkar ezagutuz.

Horrela, beraz, goizean hasita, antolatzaileek proiektua aurkeztuko diete bertaratuei, eta lan taldetan banatuko dira jarraian. Arduradunek lau arlo banatu dituzte: kirola, bizirik irauteko estrategiak, sareen sarea eta, azkenik, kulturari, indarkeriari eta festei dagokiena.

Saretzeko proposamenak

Esparru hauetakoren bat aukeratu, eta topaketara bertaratutakoek proposamenak egin beharko dituzte, finean; talde bakoitzak zertan aritzen den azaldu beharko du, eta jarraian, talde hauek guztien arteko sare erraldoia osatzeko zer egin litekeen pentsatu.

Kirolaren saila, esaterako, kirola bereziki taldean egin nahi dutenei zuzendu diete antolakuntzako kideek: «Asmoa emakumeen parte hartzea sustatzen duten proiektuak elkarbanatzea da, hain maskulinoa den kirol munduan», diote. Modu honetara, estrategiak bateratzeko ahaleginak egingo dituzte, emakumeak kirolera gerturatu, eta beren buruaren jabe izatea sustatzeko.

Bizirik irauteko estrategien sailari dagokionez, emakumeen bizitza errazten duten egitasmoetan aritzen direnentzako pentsatua da. Besteak beste, emakumeak indarkeriarik gabe bizitzera gerturatzen dituzten egitasmoez ariko dira, etika feminista eta emakumeen bizirautea oinarri hartuz.

Sareen sarea sustatuz, berriz, taldeak eta eragileak koordinatu nahi dituztenak ariko dira; sarean lan egiten duten egitasmoak, alegia.

Azken lan taldea, berriz, kulturari, indarkeriari eta festei loturikoa da. Kulturan oinarrituriko egitasmoak gustuko dituztenen proposamenak jasotzea espero dute Batea! topaketako arduradunek, eta bereziki kulturaren esparruan indarkeriari aurre egiten diotenak, nahiz festen inguruan ikuspuntu feminista bultzatuz lan egiten dutenak, lan talde honetan aritzea espero dute.

Hausnarketa, proposamen eta ideia hauek guztiak Tolosako kultur etxean jasoko dituzte Euskal Herri osoko emakumeek, 10:00etatik 17:00etara bitarte.

Batea! jardunaldiaren egitaraua

Irailak 14, larunbata

10:00-10:20. Batea talde eragilearen aurkezpena.

10:20-11:30. Bertaratutakoen aurkezpena.

11:30-12:00. Etenaldia kafea hartzeko.

12:00-13:30. Lehen lan taldeen txanda: azalpenaren zatia, norberak bere proiektuak kontatzeko. Lau lantaldetan banatuko dira: kirola; bizirauteko estrategiak; sareen sarea eta kultura, indarkeria eta festak.

13:30-14:30. Bazkaria egingo dute, pintxoekin.

14:30-16:00. Bigarren lan taldeen txanda: Taldeetan elkartuta, sare moduan lan egiteko proposamenak egin eta biltzea izango da helburua.

16:00-17:00. Lan taldeak: pentsatu eta bilduriko proposamenak batzarrean partekatuko dituzte.

17:00. Batea jardunaldiaren amaiera.

17:30. Jardunaldiaren itxiera festa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!