Normalean epaitegiek plazaratzen dute epai bat, baina bada ardura hori herritarren gain utzi nahi duen ekimen bat: Herritarron epaia. Herrira mugimenduak martxan duen ekimen horren arabera, preso eta iheslarien inguruko, eta batez ere, 197/2006 doktrinaren inguruko epaia emateko garaia iritsi zaie euskal herritarrei.
Gauzak horrela, Herritarron epaia ekimen ibiltaria irailaren 14an iritsiko da azken geltokira. Amaierako ekitaldia, larunbatean, Iruñeko Anaitasuna pabiloian egingo dute. Tolosaldeko Herrira-k autobusak aterako ditu eskualdetik Nafarroako hiriburura joateko, eta zerrendak, «ohiko lekuetan» jarri dituztela azaldu dute preso eta iheslarien eskubideen aldeko herri mugimendutik.
Tafallan abiatu zen Herritarron epaia, eta 80 herri inguru igaro ondoren, tartean Tolosa, hilaren 14ean iritsiko da Iruñera. Euskal Herriko herri ezberdinetan bildutako epai guztiak aztertu ondoren, larunbatean plazaratuko dute euskal herritarren epaia zein izan den. Ekitaldia 18:00etan hasiko da, eta Herrira-tik eskualdeko herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara.
Abiapuntu bezala Tafalla aukeratzea ez zen kasualitatea izan, Ines del Rio euskal presoa bertakoa baita. 2012ko uztailaren 10ean, Estrasburgoko Auzitegiak del Rio aske uzteko agindua eman zuen, «197/2006 doktrinaren aplikazioak Giza Eskubideen Europako Konbentzioa urratzen zuelako». Espainiako estatuak, ebazpena ez onartzearekin batera, epai horri helegitea jarri zion. Herrira-tik azaldu dutenez, Europatik «hilabete gutxi barru» iritsiko da epaitegien erantzun berria. Hala eta guztiz ere, helegitearen inguruko epaiari itxaron gabe, herritarrek euren epaia egiteko garaia iritsi dela uste dute preso eta iheslarien eskubideen aldeko mugimendutik, eta horregatik jarri zuten martxan Herritarron epaia. Irailaren 14ko ekitaldiak, amaiera beharrean «beste hainbat erronken abiapuntua izan nahi du», Herriraren esanetan, «horregatik, beharrezkoa da Anaitasuna goraino betetzea».