Zozketa bidez esleituko ditu udalak, babes ofizialeko bost etxebizitza

Ataria 2013ko irailaren 10a

Urriaren 30 izango da, beharrezko eskabidea eta agiriak Tolosako udaletxean aurkezteko azken eguna

Larramendi eta Madalen kalean daude, salgai jarri dituzten babes ofizialeko bost etxebizitzak.

Voith-Gorostidi eremuko babes ofizialeko bost etxebizitza salgai jartzea erabaki du Tolosako Udalak, pasa den uztaileko osoko bilkuran saltzeko oinarriak onartu eta gero. Udalak 2010ean erosi zituen etxebizitza hauek, eta orain erabaki dute jabetza erregimenean saltzea, zozketa bidez.

Larramendi auzoan, Larramendi eta Madalen kaleetan daude bost etxeak, eta hiru logela dituzte; gainera, guztiek lurpeko garajea dute, eta bik, baita trastelekua ere. Etxebizitzetan, metro karratu erabilgarri bakoitzaren prezioa 1.629, 31 eurokoa da, eta honenbestez, 149.293, 68 euro eta 169.269,02 arteko prezioa izango dute. Dena den, azalera eta prezioen zehaztapenak, eta oinarri guztiak, www.tolosakoudala.net webgunean daude eskuragarri.

Eskatzaileek, ohi bezala, zenbait baldintza bete beharko dituzte. Bizilekuari dagokionez, Tolosa ohiko bizilekua izan eta bertan erroldatuta urte bete baino gehiago daramatenek eskatu ahal izango dute etxea, alde batetik; bestetik, 15 urtez Tolosan erroldatuta egon direnek ere babes ofizialeko etxebizitza hauetakoren bat eskuratzeko aukera izango dute; azkenik, gutxienez Tolosan urtebetez lanean daramatenek ere eskatu ahal izango dituzte etxebizitzak.

Eskatzaileen ohiko bizilekuari loturiko arauez harago, beste bi irizpide ere zehaztu ditu Tolosako Udalak, babes ofizialeko bost etxebizitza hauetako bat eskuratzeko zerrendak osatzerakoan: hasteko, beste etxebizitzarik ezingo da jabetzan izan, eta gainera, eskatzaileen urteko bataz besteko diru sarrerek, 39.000 edo 9.000 euroren artean egon beharko dute.

Urria amaierara arteko epea

Voith-Gorostidi eremuko etxebizitza hauetakoren bat eskuratzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Tolosako Udalean.

Horretarako, eskaera orria bete beharko da batetik, eta udaletxeko erregistroan nahiz webgunean bertan lortu ahal izango da.

Eskaera orriarekin batera, hainbat dokumentu ere atxiki beharko dituzte etxebizitzetako zozketan parte hartu nahi dutenek. Besteak beste, NANa, errenta aitorpeneko agiriak, beste etxebizitzarik ez dutela egiaztatzeko agiriak nahiz errolda agiria beharrezkoak izango dira.

Urriaren 30a izango da izena emateko azken eguna, eta behin epea itxitakoan, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratuko ditu Tolosako Udalak; webgunean eta iragarki taulan 15 egunez ikusgai egongo da zerrenda, eta behin betiko onartuen taldea osatuko dute gero.

Azkenik, zozketa bidez esleituko dituzte babes ofizialeko bost etxebizitzak, publikoan eta notario aurrean. Aipatzekoa da, zozketan etxebizitzarik gabe geratzen diren eskatzaileekin itxaron zerrenda osatuko dutela, norbaitek arauak betetzen ez baditu edo uko egiten badu, hutsuneak betetzeko.

Salerosketa kontratua sinatzen dutenek klausula gehigarria izango dute, eta horren bidez, gehienez ere bi hilabeteko epean etxebizitza horietara bizitzera joan beharko dute. Baldintza hau betetzen ez dutenen kontratua bertan behera geratuko da, eta udalak erosleak desjabetzeko eskubidea izango du.

Honenbestez, izena eman edo informazioa eskuratu nahi duenak, udaleko etxebizitza zerbitzura jotzeaz gain, 943 69 74 91 zenbakira dei dezake, eta baita etxebizitza@tolosakoudala.net helbidera idatzi ere. Azkenik, esan bezala, udaleko web atarian ere informazio osatuagoa lor daiteke.

Etxebizitzen ezaugarriak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!