Kontxako Banderak ere badu zati bat Tolosaldean

Ataria 2013ko irailaren 10a

Gertu zuten igande goizean. Arratsalderako, berriz, eskuetan. Ez da erraza Kontxako Bandera astintzea. «Badu bere pisua» aitortu zuen Nagore Osorok, Zumaiako patroiak, ETBko kameren aurrean, Donostia Hiria itsasontzian saria jaso ondoren. Hala ere, kilotan baino, pisu gehiago du bandera horrek sentimendu, lan, esfortzu, ohore eta garrantzia historikoan neurtuz gero.

Aspaldiko partez, pisu handi horretako kilo batzuk Tolosalderaino ere iritsi dira, Irati Larrañaga, Ioana Alijostes eta Jon Lizarralderen indarrari esker, eurak izan baitira aurtengo Kontxako Banderaren irabazleak.

Horrela esanda, uler daiteke Zumaiak hamaika segundoko aldeari eustea lortu zuela, eta Hondarribiak hiru segundo edo gehiagoko tartea atera ziola Urdaibairi. Baina emakumezkoen kasuan soilik eman zen logika hori. Zumaiak bigarren txanda ere irabaziz eskuratu zuen garaipena.

Hondarribiak aldiz, itsasoan lortu ez zuena –edo lortzen utzi ez ziotena– lurrean lortu zuen. Kontua da, Urdaibai bere kalean sartu zela eta palak gurutzatu eta gero bermeotarrak kanporatzeko erabakia hartu zutela epaileek, hondarribiarren helegiteari kasu eginez. Estropada amaitu eta ordubetera eman zuten epai horren berri, arraunlari eta zaletu bizkaitarren haserre eta etsipenerako.

Garaipen garbia Zumaiak

Polemika ororen bestaldean, bigarren plano batean, geratu zen Zumaiak lortutako garaipena. Garaipen garbia. Eztabaidaezina. Merezitako garaipena.

Zumaiarrek errenta zabala zuten euren alde, hamaika segundokoa Hibaikarekiko. San Juan ere ez zebilen askoz ere urrutiago. Gorriek ez zuten ezustekorik nahi, eta hasieratik gogor irten ziren. Aurkariak, baina, porrota garesti saltzeko prest zeuden, eta pasaitarrek hartu zuten aurrea lehen metroetan. «Lehen metroetatik sufritu egin dugu» aitortu zuen estropadaren amaieran Alijostesek. Larrañagak, berriz, ez zuen tostetatik bizi herenegungoa.

Ziabogara iristerako, Telmo Deun ontziak hartua zuen berriz ere nagusitasuna. Sanjuandarrak segundo bakarrera ziren, eta errenteriarrak bira. Poparean errenta mantendu, eta zertxobait handitu zuen. Amaieran, hiru segundoko errenta atera zion San Juani, eta bikoitza Hibaikari.

Helmuga gurutzatu bezain laster, negar batean ospatu zuten garaipena gorritxoek, pozaren pozez, emozioz. Garaipen historikoa izan da zumaiarrena, izan ere, Kontxako Bandera irabazi duten lehen euskaldunak izateaz gain, mutilen eta nesken kategorian lorpen hau izaten lehen kluba da. «Sufrimenduak merezi izan du», aitortu zuen Alijostesek.

Nahastea

Goiza ondo zihoan. Bikain. Eguraldia ere hobera egiten hasia zen, bertaratutakoen mesederako. Gizonezkoen lehen txandan, urte osoan TKE ligan bigarren txandan parekotasun handia erakutsiz lehiatu diren traineruen artean berdintasun handia izan zen. San Pedro, Portugalete eta Tiran parean joan ziren brankaz metro askotan. Bizkaitarrak izan ziren lehenak ziabogan, pasaitar eta galiziarren aurretik. Galiziarrak, ordea, oso ondo itzuli ziren, eta txanda irabaztea lortu zuten, horien aurretik. Ugaitz Mendizabal irurarraren taldeak, berriz, ez zuen asmatu olatuekin –ez zuen horretarako kalerik aproposena– eta sailkapen nagusian postua galdu zuen. Julen Gorostiagaren, Donostiarra, zazpigarren izan zen, Urdaibairen kanporaketaren ondorioz.

Bigarren txanda ere ederra izaten ari zen, azkenaldian Kontxako Badian gogoratzen den estropadarik politena, Urdaibaik eta Hondarribiak palak gurutzatu zituzten arte. Bermeotarrak nagusi izan ziren lehen luzean, eta bazirudien ez zuela arazorik izango. Baina Hondarribia poparean ondo moldatzen da, eta hori erakutsi zuen. Kanporaka bost segundo atzetik izatera iritsi bazen ere, aurre hartu zion Urdaibairi. Halako batean, bermeotarrak berdeen kalean sartu eta palak gurutzatu zituzten. Epaileek ez zuten ezer esan amaierara iritsi arte. Baina legeak betetzeko daude, eta udaletxean denbora luzez eztabaidatu ondoren, bizkaitarrak kanporatzeko erabakia hartu zuten. Hortik aurrera, kakanahastea.

Polemikak polemika, eta garaipenak garaipen, Kontxako Banderak badu zati bat Tolosaldean. Eta Tolosaldeak arraun munduan ere bai.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!