Ioana Alijostes eta Irati Larrañaga (Zumaia): «11 segundo errenta ona da baina aurkaria ez da gutxietsi behar»

Ataria 2013ko irailaren 6a

Etxeko trainerua, Getaria-Tolosa, desagertu eta Zumaiarako bidea hartu zuten pasa den urteko uda bukatu bezain laster Ioana Alijostesek (Tolosa, 1988) eta Irati Larrañagak (Tolosa, 1992). Kontxako Bandera irabazteko zorian izan ziren, baina ez zuten lortu. Oraingoan, badirudi, lortuko dutela.

Nolatan joan zineten Zumaiara?

I.L.: Beti hitz egin izan da beste taldeekin ea hurrengo urterako zein asmo dagoen. Urteak lehenago Zumaiatik dei bat jaso genuen, eta aukerak mahai gainean jarri eta baloratu ondoren, aukera hoberena zela ikusi genuen pertsonalki, eta kirol arloari begira ere bai. Goraka zetorren taldea zen, eta gainera ezagunak genituen bertan.

Nola joan da urtea?

I.A.: Oso ondo. Gipuzkoako liga eta Euskotren Liga irabazi dugu. Bi estropadak izan ezin, guztiak irabazi ditugu. Kontxan ez dakigu zer gertatuko den, baina lortu ala ez, balantzea oso positiboa da. Eta lortzen badugu, denboraldiari ginga jarriko genioke.

Aurreko urteetan aurkari gogorra izan duzue aurrean, Rianxeira. Aurten, ordea, ez. Errazagoa izan da?

I.A.: Ez nuke hori esango. Egia da bi talde handi desagertu direla, baina jarraitu dutenen maila asko igo da. Denbora tarteetan nabaritu da, geroz eta tarte gutxiago dago.

I.L.: Faboritoak ginen, baina akatsen bat izan dugunean aurkariak hor gertu izan ditugu. Horrek erakusten du beti ondo egin behar direla gauzak eta aurkaria inoiz ez dela gutxietsi behar.

I.A.: Traineruaren barnean, konfiantza handia daukagu gugan. Lasai gaude, baina erlaxatu gabe.

I.L.: Urtetako esperientzia puntu bat da gure alde, izan ere, bagenekien lehenago edo beranduago iritsiko zela zaplazteko bat jasotzeko unea. Bi egunetan irabazi gintuzten baina buelta eman genion.

Ia beti irabaztera ohituta izan da, nola mantendu duzue irabazten jarraitzeko gosea?

I.A.: Egia da astebururo irabazten zaudenean, taldea erlaxatu edo blokeatzeko arriskua dagoela. Baina ondo eraman dugu, tentsioa mantendu dugu. Ez dakit nola baina lortu dugu. Entrenatzailea ere hor izan dugu hori gogoraraziz.

Kontxa irabaztea hasieratik izan duzue helburutzat?

I.L.: Denen helburua da hori, denboraldiko emaitzen gainetik.

Baina balantza batean Kontxa eta Liga jarriz gero, zein da zuen aukera?

I.L.: (Barreak). Une honetan, Kontxa esango nizuke. Besteren batean ez dakit.

I.A.: Egia da baita ligan gaizki ibili denak, Kontxan ez duela ezusteko handirik emango. Denboraldi guztiaren isla da Kontxa.

Beraz, denboraldia eta igandekoa ikusita, bandera Zumaiarantz abiatu dela esan daiteke?

I.A.: Makila agian bai. Errenta polita da, segurtasuna ematen du, baina estropada daukagu jokatzeko eta aurkaria ez da gutxietsi behar.

I.L.: Altxor handia daukagu, baina ez dugu konfiatu behar. Ez dugu sorpresarik nahi. Gainera, plus bat daukagu, izan ere, irabaziz gero, egiten dugun lehen euskaldunak izango baikara.

Etxeko traineruarekin irabazi ez izanaren arantza kentzea suposatuko luke, ala betirako geratuko da?

I.A.: Pena da hasi zaren eta urteak alboan entrenatzen izan dituzun horiekin irabazi ez izana, baina kirolari bezala irabaziz gero, arantza kenduko dugu seguru.

I.L.: Une horretan berdin du elastikoak. Pozik zaude. Tolosarekin irabazi ez izana pena da bai, herriaren izena daramazulako eta herriarentzat polita izango litzatekeelako. Ez genuen lortu, baina hori jada pasa da.

Ospakizunik irabaziz gero?

I.A.: Lehenengo bazkaria dugu, eta ondoren harrera dute prestatuta herrian. Irabazi edo galdu, berdin ospatuko dugu. Urte ona izan da.

Nork irabaziko du Kontxa?

I.A./I.L.: Zumaiak eta Urdaibaik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!