Julen Gorostiaga (Donostiarra): «Sabelean kilimak sentitzen dira»

Ataria 2013ko irailaren 6a

Kontxan Donostiako traineruarekin aritzea zerbait «berezia» dela dio Julen Gorostiagak (Tolosa, 1993). Aurten debuta egin du lehen taldearekin eta pozik da.

Zer moduzkoa izan da lehen urtea?

Aurten traineru bakarra atera du Donostiarrak jende faltagatik. Hamar baja izan ziren, eta gazte asko sartu. Bagenekien mailaz jaitsiko genuela zertxobait. Helburua bigarren txandan egotea izan da eta lortu dugu, beraz, pozik. Pertsonalki zazpi estropada jokatu ditut, eta orain Kontxa. Ezin hobeto.

Saltoa nabaritu duzu?

Bai. Bigarren taldean arraunlari gisa haztea zen helburua, presiorik gabe. Orain bete beharreko helburuak zeuden. Entrenamenduak ere gogorragoak izan dira.

Kontxan lehen aldiz. Nolakoa izan da?

Izugarria da. Ligan guraso, lagun eta neskalagunak izaten dira ikusten. Orain jende asko dago, eta sabelean kilimak sentitzen dira.

Nola bizi da Kontxa Donostiarran?

Ilusio handiz, talde handienekin egoteko dugun aukera bakarra da.

Donostiarraz gutxi hitz egiten da. ‘Ahate itsusia’ zaretela dirudi...

Beti esan izan da zortzigarren postu hori okupatu egiten dugula. Prentsak lehen zazpi sailkatuei ematen die ahotsa, eta guri, etxekoei, animoak justu-justu.

Zer nolako balorazioa egiten duzu pasa den igandeko estropadaz?

Oso positiboa. Pixkanaka hobetuz joan gara, eta azken emaitzek konfiantza eman digute. Hondarribiarengandik minututik azpira eta Tiranengandik 25 segundora egotea ezin hobea da guretzat, kontuan hartuta gainera, debuta egin dugun aurraunlari asko gaudela.

Arrauna jarraitzen duen batek pentsatuko du... azkena izan eta pozik? Zeure burua beti azkena ikusita aurrera egiteak ba al du lanketaren bat?

TKE ligako denborekin alderatzen ditugu, eta aurtengoa oso ona izan dela ikusi dugu.

Nork irabaziko du Kontxa?

Hondarribiak eta Zumaiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!