Kontxako Banderako bigarren estropada jokatuko da igandean Donostian. Arraun munduko lehiarik gogor eta jarraituena den honetan, eskualdeko bost arraunlarik hartuko dute parte. Euren inpresioak kontatu dituzte datorren igandera begira.
Tolosan eman zituzten lehen arraun kolpeak, Oria ibaian. Ibilian-ibilian, itsaso zabalera iritsi dira, Donostiara. Ez da makala lortutakoa, ez eta lortzeko daukaten guztia. Izan ere, bertako uretan gordeta da arraun mundu miresgarri horretako altxorrik preziatuena: Kontxako Bandera.
Ioana Alijostes, Irati Larrañaga eta Julen Gorostiaga tolosarrak, Ugaitz Mendizabal irurarrak eta Jon Lizarralde anoetarrak altxor hori lortzeko lehiaren bigarren kapitulua biziko dute igande honetan. Batzuk zuzen doaz, beste batzuk, ez horrenbeste. Baina bertan izatea jada sari bat omen da.
Emakumezkoetan Zumaiak ez du iparra galdu urte osoan zehar. Altxorraren mapa eskuetan, 11 segundoko errenta du bere alde. Telmo Deun ontziko tostetatik mugiezinak dira Alijostes eta Larrañaga. Gertu dabiltza, oso gertu.
Gizonezkoetan, ordea, denetarik da. Lizarralderen Hondarribia da hobetoen, nahiz eta aurretik piraten ontzia duen, Urdaibairena. Gogorrak dira oso, baina ez garaiezinak. Hiru segundoko aldea besterik ez dute. Mendizabalen San Pedro, zertxobait atzeratuago dago, 16 segundora, baina ekaitza pasa ondoren, fin dira. Gorostiagaren Donostiarrak badaki ez duela altxorrik, baina bila dira.
ELKARRIZKETAK
Jon Lizarralde (Hondarribia): "Igandean irabaztera aterako gara". Irakurri hemen
Julen Gorostiaga (Donostiarra): "Sabelean kilimak sentitzen dira". Irakurri hemen
Ioana Alijostes eta Irati Larrañaga (Zumaia): "11 segundo errenta ona da, baina aurkaria ez da gutxietsi behar". Irakurri hemen
Ugaitz Mendizabal (San Pedro): "Gure helburua txanda irabaztea da baina ez dugu bandera botako". Irakurri hemen