Iraileko filmak ikusteko bono berezia eskainiko du Tolosako Udalak

Ataria 2013ko irailaren 6a

Igande honetan hasiko da iraileko egitaraua, eta bonoen salmenta ere orduan hasiko da, zazpi euroren truke

Abuztuko geldialdiaren ondoren, Tolosako Leidor aretoko zine egitaraua abian jarriko da igande honetan, berriro. Uda hasieran eskainitako bonorik erosi ez zutenek, horrela, iraileko zine saioetarako bereziki eskainiko duten bonoa eskuratu ahal izango dute. Zazpi euroko prezioa izango du, eta arratsaldeko nahiz gaueko saioetarako balioko du. Bost film zazpi euroren truke

Igande honetan 19:30ean izango da ikasturteko lehen saioa, eta Gerra Mundial Z filma proiektatuko dute; astelehenean, 20:30ean, pelikula bera ikusi ahal izango da. Izen bereko eleberriaren egokitzapen honetan, zientzia fikziozko istorioaz gozatu ahal izango dute ikusleek.

Ostegunean, berriz, 19:15ean eta 21:45ean izango dira saioak, jatorrizko bertsioan, Vertigo filmaz gozatzeko; Alfred Hitchcock-en lana zaharberritu egin dute.

Datorren igandean, irailaren 15ean, La mejor oferta 19:30ean eskainiko dute, eta film bera hilaren 16an ikusgai izango da, 20:30ean. Arrakastadun maitasun eta suspentse filma da.

Datorren asteko zine forumeko saioan, jatorrizko bertsioan alegia, The trip izeneko sukaldaritzaren inguruko komedia bat izango da ikusgai, 19:15ean eta 21:45ean.

Azkenik, iraileko egitaraua Hijos de la medianocherekin biribilduko dute Leidor aretoan; Salman Rushdie-ren eleberrian oinarrituriko drama da. Lehen saioa irailaren 22an ikusi ahal izango da, 19:30ean; bigarrena, hilaren 23an izango da, 20:30ean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!