Zortzi salaketa izan dira aste honetan Tolosan, lurpeko garajeetako lapurretengatik

Ataria 2013ko irailaren 6a

Ertzaintzako ikertzaileen arabera, «ustezko egileak talde mugikor eta antolatu bateko kideak» dira

Alliri auzoan bezala, Larramendiko eta Iurreko garajeetan izan dira lapurretak.

Azken astean zortzi salaketa jaso ditu Tolosako Ertzain etxeak, hirigunean gertaturiko hainbat lapurreta medio; dirudienez, guztiak lur azpiko garajeetan gertatu dira.

Ertzaintzako prentsa bulegoak azaldutakoaren arabera, lapurreta guztiak aste honetan gertatu dira, eta Larramendi auzoko, geltoki inguruko Alliriko nahiz Iurre auzoko lurpeko zenbait garajetan sartu dira egileak.

Garajeetan sartu eta lapurtzeko modua, antza denez, «berdintsua» izan da kasu guztietan: «Garajeko ateak zulagailu edo taladro batekin zulatzen dituzte, sarrailaren tokian hain justu; bestela, sarrailaren ponpatxoa puskatu egiten dute», azaldu du Ertzaintzak. Jarritako salaketen artetik, egileek «kasu gehienetan» balio gutxi duten gauzak lapurtu dituztela azaldu dute.

Horrela, beraz, eta Ertzaintzako ikerketa taldearen arabera, lurpeko garajeetako lapurreten ustezko egileak talde mugikor eta antolatu bateko kide dira: «Hainbat herritan barrena ibiltzen dira, eta herri guztietan lapurreta mota bera egiten dute».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!