Zuzendaritzak proposatutako kalte ordainen igoera onartu dute Perot-eko langileek

Ataria 2013ko irailaren 5a

ELA sindikatuak Huyck Wangner-eko lantalde osoa zoriondu du, «duintasun eta borroka eredu izateagatik»

Pasa den martxoan manifestazioa egin zuten Tolosan.[/caption]

Huyck Wangner Perot-eko langileek, apirilaz geroztik negoziazioetan aritu eta gero, enpresako zuzendaritzak proposaturiko kalte ordainen igoera onartu dute.

Kaleratzeen berria langileei iritsi zitzaienez geroztik, protesta eta borroka etengabean aritu dira langileak, eta azkenean, pasa den apirilaren 29an lanik gabe geratu ziren langileak. Garai hartan behargin bakoitzak jasotako kalte ordaina, legearen arabera arrazoi ekonomikoengatik gertaturiko kaleratzeek jaso behar dutena izan zen: lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte ordaina, eta gehienez ere 12 hilabeteko ordainsaritan. Honenbestez, multinazionalak 1,2 milioi euro eman behar izan zizkien, guztira, kaleratu guztiei.

Pasa den asteartean Tolosako ELAren egoitzan egindako bilkuran, ordea, Huyck Wangner multinazionalak egindako azken proposamena bozkatu zuten Perot-eko langileek; enpresako zuzendaritzaren ordezkariek aurrez esandakoa baino askoz ere kalte ordain handiagoa emango zutela azaldu zuten.

Bozketan, ia aho batez onartu zuten enpresa zuzendaritzaren proposamena, izan ere, 70 parte hartzailetatik 65ek aldeko botoa eman zuten, azken hilabeteotan izan duten borroka luzea amaitzeko.

Horrela, beraz, pasa den apirilaren 29an Huyck Wangner-eko zuzendaritzak kalte ordainetarako zehaztutako 1,2 milioi euroen ondoan, aurre akordio berri honekin 6,4 milioi eurora hazi da kalte ordain guztien batura, bost aldiz baino gehiago, alegia.

«Duintasun eta borroka eredu»

Irailaren 3ko aurre akordioa formalizatzea falta den arren, ELA sindiaktuak Huyck Wangner Perot enpresako lantalde guztia zoriondu nahi izan du, «hilabete hauetan guztietan duintasun eta borroka eredu izan direlako».

Kalte ordainak igotzea lortu duten arren, beren hastapenetako helburua lortzea ezinezkoa izan da, eta hori ere nabarmendu nahi izan dute: «Guk multinazionala lantegia berriro irekitzera bultza nahi genuen, eta horrekin batera, lehengo Perot-eko lanpostu guztiak mantentzera, eta hau lortu ez dugun arren, borroka eta eztabaida irmoa izan dugu denbora honetan guztian».

Azken erabaki honekin, eta multinazionalak kaleratutako langileei eman beharko dien kalte ordain handia ikusita, ELA sindikatuak Huyck Wangner Perot-en kasua beste enpresa batzuentzako aurrekaria izatea espero du, gauza bera ez gertatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!