Azken asteetan, Tolosan, Oria ibaian hilda arrain ugari agertu dira. Honekin kezkatuta, arazoaren jatorria aurkitzeko Tolosako udaleko Ingurumen saila Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariekin jarri zen harremanetan. Foru Aldundiko teknikariak arazoaren jakitun ziren eta ziurtatu dutenez, arrainen heriotza ez da isuri konkretu baten ondorio izan.
Hilda agertu diren arrainak, oro har, barboak dira, dena den, tartean amuarrainen bat ere agertu da. Gertaera hau ez dela Tolosan bakarrik gertatu adierazi dute udaletik. Oria ibaiaren arro guztian zehar agertu dira hildako arrainak, «gehienbat gizakiak eraldatutako ibai bazterretan», gaineratu dute. Atzo, esaterako, Tolosako Nafarroako zubi inguruan ikus zitezkeen hildako arrainak.
Foru aldundiko teknikarien ustetan hainbat faktoreren batuketak eragin du aipatutako arrainen heriotza: «Batetik, barboen populazioa asko ugaritu da azken aldian gure ibaietan eta, bestetik, inguruko bizi baldintzak okertu direnean egoera hau gehien sufritu dutenak beraiek izan dira».
Hildako arrainetako batzuk aztertu ondoren ahulenetako batzuei onddoek eragindako gaixotasun bat atera zaiela ikusi dute. Hala ere, azken baieztapen hau, gaixo baina bizirik dauden arrainak harrapatu eta aztertu bitartean ezingo dela konfirmatu adierazi dute.
Bestalde, azken asteetan Oria ibaia jasaten ari den egoera bereziak ahalbidetu du gaixotasun honek hainbesteko eragina izatea. Eta espezie honetako arrainak asko ahularazi ditu, hala nola, errekak dakarren ur emari txikiak, uraren tenperatura altuak, gizakiak eraldatutako ibai bazterretan sortzen den fluxu laminarrak edota oraindik ere ibaira botatzen jarraitzen diren isuriak.
Eragile askoren batuketa izan da beraz arrain guzti horien heriotza, eta ez esaterako, isuri industrial kutsakor batena.
Dena den, hurrengo egunetan espero den euriarekin egoera hobetuko delakoan daude teknikariak.