Iraileko lehen igandearekin batera heldu da Kontxako Bandera Donostiako badiara. Azken urteotan, Tolosaldeak presentzia nabarmena izan du Getaria-Tolosaren partaidetza dela eta. Aurten, baina, ez da getariar eta tolosarren arteko talderik izan lehian. Bai, ordea, tolosaldeko uretan hazi eta hezitako arraunlariak, izan ere, eskualdeko lau kirolari, bi mutil eta bi neska, daude arraun munduko bandera preziatuena lortzeko borrokan.
Ioana Alijostes eta Irati Larrañaga tolosarrek dute gertuen sari potoloena. Pasa den urtera arte, getariarrekin lehiatu ondoren, Zumaia aldera jo zuten taldea desagertu ondoren. Talde sendoa dute gorriek, eta horren erakusle dira Euskotren Liga eta Gipuzkoako Ligan lortutako lehen postuak. Bada, Kontxan nagusitasun hori mantendu, eta datorren igandeko estropada jokatzea falta bada ere, ia erabakita utzi dute lehia. Telmo Deun ontziak lan borobila egin, eta 11 segundoko aldea atera zion Hibaikari, 18 San Joani eta 25 Mecosi.
Parekatuagoa dago gizonezkoen maila. Lehen sailkatua den Urdaibaik, hiru segundoko tartea besterik ez du bigarrena den Hondarribiarekiko. Ama Guadalupekoa ontziko partaide da Jon Lizarralde anoetarra. Bermeotarrak lehen txandako garaile izan ziren; berdeak, berriz, bigarrenekoak. Lan ezinhobea egin zuten biek, poparean batez ere, eta azkenera arte mantendu zen estropada irabazteko lehia. Orio hirugarren da sei segundora, eta faborito nagusia, Kaiku, eguneko sorpresa izan zen, lehen sailkatutik 13 segundora amaitu eta gero.
Bi urtez, Kontxatik kanpo geratu ondoren, San Pedrok lan ona egin zuen itzuleran. Ugaitz Mendizabal irurarraren gidaritzapean bostgarren egin zuen Libiak, ohorezko txandatik hiru segundora. Lehen luzean Urdaibairen parean izan zen, baina itzuleran bermeotarrek tartea zabaldu zuten.
Datorren igandean, 11:00etatik aurrera, erabakiko da nortzuk izango diren irabazleak.