Lau komertzio ekintzailek biziberrituko dute Kale Nagusia

Ataria 2013ko uztailaren 25a

Tolosa Merkat egitasmo berritzaileari esker, bost urtez alokairua finantzatuko diete ekintzaileei

Datozen hilabeteotan zabalduko dituzte beren komertzioak, lau gazte ekintzaieek

Tolosa Merkat 2011. urtean komertzioa eraberritu eta herriko ekonomia dinamikoago bilakatzeko abiarazitako egitasmoa da; horretarako, Alde Zaharrean urteetan barrena hutsik egon diren lokalak eraberritu dituzte. Orain bi urte ereindako lanaren haziak jasotzear da Tolosa, Kale Nagusia biziberrituko duten lau gazte ekintzaileren komertzioak beren ateak zabaltzear baitira.

Ekintzaileek jaso dituzte jada, lokaletako giltzak, eta agerraldian, Ibai Iriarte alkatea, Juanjo Ruiz Tolosa & Co elkarteko lehendakaria eta Jon Andoni Zarate Eusko jaurlaritzako komertzio zuzendaria izan dira. Ibai Iriartek, besteak bete, herri bizi bat izateko komertzio bizia izateak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du.

Bere aldetik, Jon Andoni Zaratek zorionak eman dizkie udalari nahiz merkatari eta ostalari elkarteari, komertzioaren esparruan «aitzindariak» direla esanez: «Herri guztietan dago lokal hutsen arazoa, baina oztopo hau arrakastaz gainditzea aurrerapauso handia da». Eusko Jaurlaritzako komertzio zuzendariak bertako komertzioaren aldeko hautua ere azpimarratu du: «Gero eta gehiago dira gure herrietara iristen diren frankizia eta markak, eta hauen aurrean balio erantsia dute lau gazte ekintzaile hauek».

Tolosa Merkat proiektuaren helburuak, lau izan dira hasieratik. Batetik, Tolosa hirigune komertzia moduan, erakargarria eta lehiakorra izatea da jomugetako bat, eta era berean, kontsumitzaileen beharrizanak asetzea. Azken honek Tolosako bezeroen fideltasuna areagotuko luke, eta aipaturiko hiru helburu hauetara iristeko, Tolosa Merkat programak ekintzailetasuna sustatu nahi izan du.

Ideia berriak komertzioetara

Lau negozio hauek ireki aurretik lan handia egin behar izan dute. Izan ere, Tolosako lokal komertzialen errolda osatzea izan zen, Tolosa & Co elkartearen eta Tolosako Udalaren eginbeharra. Jardun honetan ari zirela, herriko eremu batzuetan itxitako lokal asko zeudela ikusi zuten; merkataritzak ez zuen, jada, bizitzarik, eta inguruko komertzioei ere kalte egiten zien honek.

Kale Nagusia zen, 2010. urtean, lokal hutsak zituen kaleetako bat; 38 lokaletatik, 19 zeuden hutsik, zehazki. Honen aurrean, beraz, merkataritza dentsitate baxuko eremuetan lokalak egokitu eta komertzioa biziberritzea ezinbestekotzat jo zuten.

Bi lehiaketa publiko egin dituzte honetarako. Lehena proiekturako lokalak aukeratzekoa izan zen; 11 eskaintza jaso zituen udalak, eta horietatik, kale berean zeuden 4 lokal aukeratu zituzten. Behin aukeraketa eginda, lokalen jabeekin adostasunetara iritsi ziren, alokairuen zenbatekoak zehazteko.

Bide beretik, jende ekintzailea Tolosa Merkat proiektura erakartzeko ere lehiaketa publiko bat egin zuten, kanpaina berezi baten bidez, eta 10 proposamen jaso zituzten kasu honetan. Oinarri teknikoak nahiz bestelako ezaugarriak kontuan hartu eta gero, jada amaitzear dauden lau ideiak aukeratu zituzten.

Prozesu honen ondoren, Kale Nagusia biziberrituko duten lau komertzioak hainbat arlotakoak izango dira, eta eskaintza bereziak izango dituzte, berritzaile izaerarekin. Horrela, okindegi ekologikoa eta tailerrak zabalduko dituzte Amaia Tobesek eta Raul Camposek, 31 urtez itxita izan den lokal batean. Lidia Hernandezek, berriz, 26. zenbakiko lokalean zabalduko du tailerrak, arropa eta osagarriak eskainiko dituen komertzioa; lokal hau ere 30 urtez itxita egon da.

Arteak ere izango du tarterik Kale Nagusian, eta Garikoitz Muruak izango du horren ardura, zabalduko duen arte galeriaren bitartez; Tolosan bertan egindako arropa eta osagaiak ere eskuragarri izango dira, 30 urtez zabaldu gabe egon den lokal honetan. Azkenik, laugarren komertzio berritzailea Naroa Gaztañagak zabalduko du, 16 urtez itxita egon den lokalean; haurrentzako arropa izango da bere berezitasuna, eta osagarri nahiz tailerrak ere eskainiko ditu.

Erakundeen arteko elkarlana

Merkataritza sustatzeko egitasmo berritzaile hau aurrera eramateko, guztira, 403.438,97 euroko aurrekontua behar izan da.

Lokalen jabeek eta ekintzaileek inbertsio osoaren %40a jarri dute, eta %60a, berriz, Tolosako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak jarri dute; bi erakunde hauen ardura izan da lokalak egokitzeko obra finantzatzea, eta alokairuen ordainketetan ere parte hartuko dute. Modu honetara, datozen bost urteotan metro karratuko 4 euroko alokairua ordaindu beharko dute ekintzaileek.

Tolosa Merkat egitasmoaren lehen pausoak eman dituzten arren, Tolosa & Co elkarteko Juanjo Ruizek proiektuari jarraipena emateak duen garrantzia azpimarratu du, eta irailean egitasmoari jarraipena emango dion lantaldea aurkeztuko dutela azaldu du: «Tolosa Euskal Herriko merkataritza dentsitate handienetakoa duen herria da, eta kanpora begira jarriz, Espainiako herriekin alderatuta ere komertzio tasa handiak ditugu, 1500 lagun bizi baikara komertzio eta ostalaritzatik. Horregatik, berebiziko garrantzia dute horrelako egitasmoek».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!