Auzotarren kezka eta iradokizunak kontuan hartuta, Larramendi auzoko urbanizazio proiektuan hobekuntzak egin ditu Tolosako Udalak. Aldaketarik nabarmenena, besteak beste, auzoaren erdigunean kokatuta dagoen plazan ezarriko den jolastokia estaltzearena izango da.
2011. urtean, Udal Gobernua aldatu zenean, Larramendi auzoko errepidea lurperatzeko erabakia auzotarren esku utzi zuen udalak. Prozesu parte hartzaile bat jarri zen martxan, aukera ezberdinak planteatzeko. Hainbat bilera egin ziren, eta horietan, auzotarrek euren kezkak azaldu zizkioten udalari.
Kezka horien artean, gehienak lurperatzearen eta urbanizazioaren inguruak izan ziren, hala nola, errepideak izango zuen zabalera, trafikoak sortuko zuen zarata edo ibilgailuen abiadura. Kezka horiek haintzakotzat hartu ditu udalak, eta hasierako proiektua hobetze aldera hobekuntza eta aldaketa batzuk egin ditu.
Trafikoa desbideratuko da
Auzoaren erdiguneko plazaren inguruan ibilgailuen joan-etorririk egon ez dadin, inguruko kaleetara bideratuko da trafikoa, ahal den neurrian. Inguruko garajeetako irteerak mantenduko dira, baita lurperatuaren inguruan dagoen koexistentziazko biala ere. Bestalde, pasa den astetik irekita dagoen lurpeko errepidea uste baino motzagoa egin da, eta era berean, zabalera handiagoa du.
Jolastokia estaliko da
Bestalde, lurperatutako errepideko sahietsetan ez dira txapak jarriko, udalak ez duelako horretarako beharrik ikusi. Lan horietarako bideratua zegoen dirua, berriz, plazako jolastokia estaltzeko erabiliko da. Ondorioz, udalak ez du kostu gehiago izango, hau da, aurreikusitako diru bera gastatuko du.
Auzotarren eskaera izan zen estalpearena, eta auzoari bizi handia emango dion gunea izango delakoan proposamena onartu du udalak. 250 metro karratu inguru ditu, eta guztiz estaliko dira.
Horrez gain, Arkaute inguruko parkea atseden hartzeko gune atsegin bihurtu nahi du udalak. Horretarako, parkea txukundu, lorezaintza lanak egin, bankuak jarri eta bide guztiak asfaltatuko dira. Larramendi kalearen hasierako ur hornidura ere hobetzeko asmoa du udalak.
ALDAKETAK
1.- Plazatik trafikoa kentzea. Auzoaren erdiguneko plazan ibilgailuak ibili ez daitezen, inguruko kaleetara bideratuko da trafikoa, Garajeetako irteerak eta lurperatuaren inguruan dagoen koexistentziako biala mantenduko dira.
2.- Haur jokoak estaltzea. Auzotarren eskaerari erantzunez, jolastokia estaliko da. Gutxi gorabehera 250 m2 izango ditu eta guztiz estalia egongo da.
3.- Txapak ez dira jarriko. Lurperatutako errepidearen sahietsetako txapak ez dira jarriko. Diru hori jolastokia estaltzeko erabiliko da, eta beraz, udalarentzat ez du kosturik suposatuko.
4.- Ur hornidura hobetzea. Larramendi kalearen hasierako ur hornidura hobetuko da.
5.- Arkaute parkea txukuntzea. Horrekin batera, lorezaintza lanak egingo dira, bankuak jarri, bideak asfaltatu eta atseden hartzeko gune atsegin bihurtu.
6.- Lurperatze zatia. Aurreikusitakoa baino motzagoa eta zabalagoa egin da.