Larunbateko futbol partidan ere euskara ahora eramango dute realzaleek

Ataria 2013ko uztailaren 18a

KMK 13ren alde, Reala eta Toulouseren arteko norgehiagoka izango da Beasaingo Loinatz futbol zelaian

Frantziako lehen mailako Toulouse taldearen aurka ariko da Reala, etzi, Beasainen.

Bi hilabete pasatxo besterik ez dira falta, 2013ko Kilometroak jaia Tolosan ospatzeko, eta antolakuntzan ari diren Laskorain ikastolako kideak, azken prestakuntzetan dihardute. Horrela, etzi kirolaren esparrura eramango dute Ahora! leloa, eta Realaren eta Toulouseren arteko futbol partidaren bidez sustatuko dute euskararen erabilera.

Hilaren 20an, larunbatarekin, 19:00etan hasiko da norgehiagoka, eta Beasaingo Loinatz futbol zelaian izango da partida. Aipatzekoa da, larunbateko futbol partidak Realaren aurredenboraldiko lehen partida garrantzitsua izango dela, izan ere, Frantziako futbol ligako lehen mailan, talde indartsuetako bat da Toulouse.

Realak urtero egiten dio keinua Gipuzkoako ikastolen aldeko jaiari, eta horrela, Real Sociedad Fundazioak eta Ikastolen Elkarteak Kilometroen alde hitzarturiko partida izaten da.

Aurten, Kilometroak jaia Tolosan izanik, futbol partida Berazubi estadioan jokatzea izan da, hasieratik, antolatzaileen helburua. Tolosako futbol zelaian, ordea, eraberritze lanetan ari dira azken hilabeteotan, eta KMK 13ren antolakuntza, Tolosako Udala eta Tolosa CF partida Berazubin jokatu ahal izateko lanean aritu dira: «Campezo eraikuntza enpresak ere ahalegin handia egin du obrak bukatzeko, eta lortu dute amaitzea. Segurtasun neurriak medio, ordea, ezin izango da, oraindik, Berazubin partidarik jokatu», azaldu dute KMK 13ko antolatzaileek, guztiei egindako lana eskertuz.

Honenbestez, Beasaingo Loinatz futbol zelaira bideratu dute euskara eta kirola uztartuko dituen egitasmoa.

Modu honetara, partidaz gozatu nahi duten tolosarrak nahiz beste herrietakoak animatu nahi dituzte arduradunek, Realaren aurredenboraldiko norgehiagoka ikustera.

Horretarako sarrerak eskuragarri daude oraindik, eta hainbat lekutan eros daitezke: Tolosan, Ahora! dendan, nahiz 66 eta Ikatza tabernetan izango dira, eta Beasainen ere salgai daude, Tti-tta tabernan. Honez gain, partidaren egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira sarrerak, Loinatz futbol zelaiko leihatilan.

Prezioei dagokienez, partida tribunatik ikusteko 15 euro ordaindu beharko da, eta sarrera orokorrak, berriz, 10 euroko salneurria du. 8 urtez azpiko haurrek, azkenik, 5 euro ordaindu beharko dute sarrera.

Euskara ahoratzeko laguntza

Urriaren 6an Tolosa zeharkatuko du Kilometroak jaiko ibilbideak, eta milaka lagun bertaratzea espero dute antolatzaileek. Ahora! lelopean KMK 13 eguna aurreikuspenen arabera ospatzeko, Laskorain ikastolak 2.000 laguntzaile inguru beharko ditu hainbat batzordetan banatuta.

Egitasmoan bere alea jarri nahi duen edonork, beraz, izena emateko aukera du oraindik ere, www.kilometroak.net webgunean.

Halaber, Kilometroak 13ren ibilbideko metro batean klik egin, eta norberak klikaturiko metro horri babeslea ezarriko dion

Klikmetroak egitasmoa ere aurrera doa, eta jada 1.195 metro ingurutan klik egin dute herritarrek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!