Las dos D ahizpen emanaldia izango da, bihar, Orbelan

Ataria 2013ko uztailaren 18a

Kubatar hauen errepertorio zabala entzun ahal izango da, bihar, 23:00etatik aurrera Tolosan

Danieuris eta Daniellis Moya Avila ahizpek osatzen dute Las dos D musika bikotea, eta beren emanaldiaz gozatzeko aukera izango da, bihar, Tolosako Orbela tabernan, 23:00etatik aurrera.

Ahotsaren armonian, konposatzen nahiz pianoan hainbat urtetako formazio klasikoa jasotakoak dira La Habanako ahizpak, eta irlan barrena abiarazi zuten beren musikari ibilbidea.

Horrela, Kubako tradiziozko musika guztia bildu izan dute beren errepertorioan, boleroen eta Kubako Trova zahar eta berrien doinuak bilduz; gainera, habanera, danzona, cha-cha-cha, feelinga, cancion generoa eta fusioa ere beren lanerako tresna gisa erabiltzen dituzte Moya ahizpek.

Halaber, azken urteotan, argitaratu gabeko sormen lanak ere plazaratu izan dituzte, Kubako poeten testuak oinarri hartuta; besteak beste, Dulce Maria Loynaz, Fina Garcia Marruz, Roberto Fernandez Retamar, Anton Arrufat, Miguel Barnet, Nancy Morejon, Carilda Oliver Labra nahiz Cintio Vitieren hitzak abesten dituzte.

Aipaturiko Kubako artista hauekin elkarlanean aritzeaz gain, ordea, euskal musikari eta artistekin ere lan egin izan dute, eta horren adibide dira, 2010. urtean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ongi etorri Pupu eta Lore diskoko bost abestitan izandako parte hartzea. Honekin batera, beren errepertorioan Leire Bilbao, Jon Gerediaga nahiz Edorta Jimenezen gisako euskal idazleen hitzak erabili dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!