Irene Arrarats: «Zilegi ote da emakume bati buruz ‘jaun eta jabe’ esatea?»

Tolosaldeko Ataria 2013ko uzt. 17a, 11:16

 Euskarak genero gramatikalik ez duen arren, Irene Arraratsek egiazko adibideekin erakutsiko du, gaur, euskarazko prentsan hizkera eta esapide sexistarik ere badela.

Historia ikasketak egin zituen arren, 1991. urteaz geroztik euskara zuzentzaile lanetan ari da Irene Arrarats (Hernani, 1967). Euskaldunon Egunkarian hasi zen, eta gaur egun Berriako euskara arduraduna da.

Euskara eta hizkera sexista hitzaldia eskainiko du, bihar, 19:00etatik aurrera, kultur etxean.

Zein ildo jarraituko du bihar eskainiko duzun hitzaldiak?

Nire asmoa diskurtso sexistak, euskaraz ere, zertan diren azaltzea da. Badirudi, euskarak genero gramatikalik ez duenez, ez daukagula arriskurik nahi gabe horrelako irristadak egiteko, edo hizkera sexista erabiltzeko. Gero, ordea, praktikak erakusten du ez dela horrela. Beraz, horrelako gaiak landuko ditut, eta adibide batzuen bitartez jantziko dut hitzaldia.

Aipatu duzun bezala, genero gramatikalik ez izateak, ez du esan nahi hizkuntza modu sexistan erabili ezin denik. Hau erakusteko zein adibide mota erabiliko dituzu?

Batez ere prentsan agertutako adibideak erabiliko ditut, eta batez ere Berrian agertutakoak; batzuk argitaratuak izango dira, eta beste batzuk argitaratu gabeak, baina idatzia. Hau da, errotatibara iritsi aurretik harrapatutakoak eta moldatutakoak izango dira. Finean, askotariko adibideak izango dira.

Hedabideetako hizkera sexista azken hamarkadetan aldatu dela uste duzu?

Ez dut uste hala denik. Nik uste dut euskararen egitura nahiz esapideak ez direla gehiegi aldatu. Orain dela hogei urte bezalaxe esaten da, gaur egun, jaun eta jabe. Orduan, emakume bati buruz ari baldin bazara, adibidez, Josune Bereziartu, Edurne Pasaban edo beste euskal kirolari bati buruz, eta honek oso proba ona egin badu edo bere jardun horretan oso ondo aritu baldin bada, behar bada burura etorriko zaigu jaun eta jabe izan dela bere arloan. Zilegi ote da emakume bati buruz jaun eta jabe esatea? Gai hauen inguruan sentsiblitaterik izanez gero, horrelako zalantzak uste baino maizago agertzen dira.

Lehenago ere eskaini al duzu ‘Euskara eta hizkera sexista’ hitzaldia?

Joan den astean ikastaro bat egin genuen Tolosan bertan, udaleko teknikarientzat.

Harridurarik piztu al zenuen entzuleen artean, adibideen bidez?

Egia da, askotan oso ohitua gaudela halakoak irakurtzen, eta setsiblitate pixka bat izan behar dela, edo erreparatu egin behar dela. Baina profesionalak direnek, edozein arlotakoek, erne egon behar dute, modu komunikatiboak idazteko erne egoten diren gisa berean; horrelako gaietan ere izan behar dute arreta. Egunkaria irakurtzen duten zenbait irakurle, agian ez dira ohartuko, baina horretako ari garen profesionalok ardura bat daukagu, eta gure testuak ikuspuntu honetatik ere zaindu nahi baldin baditugu, ezinbestekoa zaigu arreta.

Azkenik, nori zuzendua izango da, besteak beste, hitzaldia? Zein entzule mota espero duzu?

Egia esan, ez dut ideiarik ere. Baina gai hauek zaindu nahi dituen jendea izango dela pentsatzen dut. Horrelako jendea espero dut gainera, interesa duena, eta nora jo edo zer irakurri oso ondo ez dakiena. Era berean, jendea bere lanean edo bere egunerokoan, ikuspuntu honetatik, gauzak errazago egin ahal izateko zenbait gako hartzera etorriko dela pentsatzen dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!