Reala-Toulouse futbol partida jokatuko da Kilometroak 13ren alde hilaren 20an, 19:00etan, Beasaingo Loinaz futbol zelaian. Norgehiagoka Realaren aurredenboraldiko lehen partida garrantzitsua izango da, Frantziako ligako lehen mailako talde indartsu baten aurka.
Ikastolen Elkarteak eta Real Sociedad Fundazioak Kilometroen alde hitzartutako partida da. Aurtengo edizioa Tolosan izanik, bertako Berazubi futbol zelaian jokatzea zen asmoa eta horretan saiatu da KMK13ren antolakuntza, udala eta Tolosa CF elkartea. «Berazubi futbol zelaia obretan dago eta Campezo eraikuntza enpresak ahalegin handia egin du obrak bukatzeko eta lortu du amaitzea, baina segurtasun neurriengatik ezingo da oraindik partidurik jokatu bertan», azaldu dute Kilometroetatik. Hori dela eta, azkenean partida Beasainen jokatuko da. Hala ere, Kilometroak 13ren antolakuntzak eskerrak eman dizkie guztiei «egindako ahaleginengatik».
Partidarako sarrerak salgai daude Tolosan Ahora dendan eta 66 eta Ikatza tabernetan eta Beasaingo Tti-tta tabernan. Egunean bertan Loinaz futbol zelaian egongo dira salgai 15 eurotan tribuna, 10 eurotan orokorra eta 5 eurotan 8 urtez azpikoentzat.