Udal Txistulari Banda omendu dute sanferminetan

Ataria 2013ko uztailaren 12a

Tolosako Udal Txistulari Bandari omenaldia egin zioten atzo Iruñeko udaletxean, San Fermin Jaietan txistua jotzen 100 urte daramatzatelako.

1913. urtean joan ziren tolosarrak Nafarroako hiriburuko festetara lehen aldiz, hain justu, banda sortu zuten urte berean. Ordutik urtero egon dira sanferminetan.

Iruñeko udal ordezkariek oroigarri bat eman zien eskualdeko txistulariei. Gaur egun banda osatzen duten kideak egon ziren atzo bertan: Iñaki Letamendia Loinaz, Xabier Zelaia Ezenarro, Joxe Luis Azkue Arrastoa, Juan Joxe Agirre Ribera, Jexuxmari Garmendia Olaizola eta Ion Garmendia Anfurrutia.

Txistulariekin batera Tolosako udal ordezkariak egon ziren omenaldian, hau da, Ibai Iriarte alkatea, eta Lore Agirre eta Igor Ezenarro zinegotziak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!