Aitziber Unanue: «Sagastian lasai sartu, sagar bat probatu... ez du parekorik»

Ataria 2013ko uztailaren 12a

Bedaioko Belarmuga baserriaren ondoan, hektarea bateko sagastia dago, bi eremutan banatuta. Ez da beste sagasti guztien berdina, izan ere, bertan sagar ekologikoa ekoizten dute. Eremu baten jabetza Aitziber Unanuerena da, eta berak azaldu dio Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariari, kate ekologikoaren ibilbidea.

Zer da sagarrak modu ekologikoan ekoiztea?

Pestizida gabeko tratamendu baten bidez sagarrak aurrera ateratzea, nolabait esateko.

Xomorroei aurre egiteko ez al diozue ezer ematen?

Harjoaren aurkako tratamendua ematen diegu sagarrei, baina ekologikoa. Tradizionala baino askoz xuabegoa da: gaur emanda ere, sagarra bihar jateko ez dago arazorik. Hori ez da horrela gertatzen tradizionalarekin, hilabetean ezin baituzu sagar hori jan kasu horretan. Bortitzagoa da ematen diozun produktua.

Batak besteak baino gehiago iraungo du, ezta?

Hori da. Ekologikoa euria eginez gero joan egiten da, eta orduan, gehiago zaindu behar duzu sagastia, hori ere, beste ezaugarrietako bat da. Tradizionalak errazago dominatzen du harjoa.

Sagastiaren gainean egote horrek, harra kontrolatzea ekarriko du, ezta?

Tximeleten etxetxo moduko batzuk ditugu sagastian, emearen usaina botatzen dutenak. Harrak erakartzen ditu usain horrek, eta horrela, zenbat har erakarri dituen ikusten duzu aldiro-aldiro. Kopuru horrek erakusten dizu tratamendua noiz eman edo noiz ez eman.

Aurten egin duen euri kopurua kontuan hartuta, nolako ibilerak izan dituzue sagastian?

Aurten ez da gure sagar urtea, orduan, nahiko gutxi jasotzeko asmoarekin gabiltza. Hori horrela izanda, ziurrenik, ez diogu batere tratamendurik emango.

Ba al du beste berezitasunik sagar ekologikoaren zainketak?

Lurrari, zuhaitzari edo sagarrari ematen diozun tratamenduak ekologikoa izan behar du, nahiz eta berez, ez zaion tratamendurik ematen.

Lurraren kasuan, zerbait emanez gero, zer ematen diozue?

Ximaur ekologikoa.

Ximaur ekologikoa?

Abereek zer jaten duten...

Kate guztia ekologikoa da, beraz. Nondik lortzen duzue ximaur ekologikoa?

Erosi egiten dugu: ardi ximaur ekologikoa. Pentsua jaten duten abereetatik ximaur tradizionala lortzen da, eta modu ekologikoan hazitakoetatik, ekologikoa.

Nork erabakitzen du zer den ekologikoa eta zer ez?

Guk duela bi urte inguru EHNEn eman genuen alta. Oraindik trantsizio fasean gaude, etiketik ez dugu beraz. 2014ko otsailan egingo ditugu hiru urte, eta orduan lortuko dugu gure seilua.

Nola egiten dituzte kontrolak?

Nahi duten egunean etortzen dira sagastira. Nola dagoen ikusi, probak egin... Guk, bestalde, zerbait eman badiogu zer den esaten diegu, fakturak azalduz eta abar. Bien aldetik dago jarraipena.

Nolatan hasi zineten modu horretan ekoizten?

Etxean sagardo asko ez dugu egiten, baina egiten duguna modu ekologikoan egiten dugu; etxean egin behar dugunez, sagardo horrek zer daraman jakitea gustatzen zait. Bestalde, niri sagastian pozoina botatzen ibili behar horrek, maskarila eta guzti..., inpresioak bakarrik atzera eragiten dit. Sagastian lasai ibiltzea gustatzen zait, sartu, hemendik edo handik sagar bat probatu...

Produkzioan eraginik izaten al du?

Bi urtetik behin izaten dugu sagarra. Zati bat etxerako eta bestea saltzeko; beti ere, sagardoa egitera zuzenduta. Zigilurik ez dugunez oraindik, saltzeko orduan ez gara gehiegi mugitu. Sagardo ekologikoa gero eta gehiago egiten ari direla uste dugu, baina sagar ekologikoa ez da horrenbeste ekoizten, nahiz eta pixkanaka-pixkanaka ari den jendea mugitzen.

Eguraldia eta aipatu baldintzak kontuan hartuta, zenbateko ekoizpena espero duzue aurten?

Eguraldiak eragin handia dauka, eta lehengo urtean 13.000 kilo bildu bagenituen, aurten 2.000 edo 3.000 kilo jasoko ditugula uste dugu, iristen baldin bagara. Horri sagar urtea ez dela gehitu behar zaio. Sagastira begiratu eta ez da alerik ikusten, gainera, dena oso atzeratuta eta herdoilarekin dator, ez sagastietan bakarrik. Guzti hau eguraldiaren eragin zuzena da.

Bi urte hauetako ibilbidea kontuan hartuta, sagar ekologikoa ekoiztea gomendagarria al da?

Nik oso garbi daukat. Sagastian lasai sartu, sagar bat hartu eta probatu, etxean sagardoa egin sagar horiekin... Niretzako hori bezalakorik ez dago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!