Astronomiaz gehiago jakiteko gaua antolatu du Aranzadik, Tolosan

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko uztailaren 12a

Zerkausiko goiko solairuan, zerua begiratu eta ezagutzeko tresnak eskuragarri jarriko dituzte

Aranzadi Zientzia Elkarteak astronomia gaua antolatu du Tolosan, datorren uztailaren 19an. Zerkausiko goiko solairuan izango da jaruera, eta besteak beste, astronomiaren inguruko jakintzak zabaltzea da helburua, modu ludikoan.

Zeruari begira jarriko dira, eta berau osatzen duten partikulak aztertuko dituzte. Honetarako, ordea, beharrezkoa den materialaz baliatuko dira: teleskopioak, prismatikoak, eta antzekoak. Arduradunak 20:30ak aldera asiko dira guztia prestatzen, eta 22:00etan, tresneria erabiltzen hasi aurretik, zenbait azalpen entzuteko aukera ere izango da; jendeari zer ikusiko duten esango diete, eta tresnak nola erabili behar diren ere azalduko dute. Finean, bertaratzen direnen zalantzak argitzeko eta jakinmina asetzeko izango dira han.

Honekin batera, ordenagailua, mahaiak, kafea eta zenbait mokadutxo eskainiko dizkiete bertaratuei, eta guztia doakoa izango da joan nahi duenarentzat.

Aranzadiko antolatzaileek hainbat helbururekin antolatu dute jarduera, baina besteak beste, astronomiaren inguruko jakintza ezagutaraztea da nahia. Horrez gain, belaunaldi desberdinak elkartu eta gauaz gozatzeko aukera emateko nahia ere izan dute, eta baita jarduera original bat antolatzekoa ere.

Azkenik, parte hartu nahi dutenei mugikorra eramatea gomendatu diete, argazkiak atera eta oroitzapen gisa gorde dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!