Bi egunez luzatuko da Tolosako hirugarren skate txapelketa, kanpaldiarekin

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko uztailaren 11

Bihar iluntzean barbakoa egingo dute, eta skate txapelketa larunbat arratsaldean izango da

Hirugarrenez antolatu du aurten, Tolosako Skate Taldeak, Tolosako skate txapelketa. Lehenengoz luzatuko dute, ordea, skate zaleen jaia bi egunez: barbakoa eta kanpaldia egingo dute bihar iluntzean, eta egitasmo nagusienak larunbatean izango dira.

Urtez urte parte hartzaile gehiago elkartzen dira Usabalgo kiroldegiaren ondoko skate parkean, txapelketan aritzeko, eta aurten ere, nesken eta mutilen kategoriak bereiziko dituzte. Sariei dagokienez gainera, guztira 400 euro banatuko dituzte antolatzaileek, babesleen laguntzaz, ordain saritan. Horrez gain, skate materiala eta oroigarriak ere banatuko dizkiete.

Txapelketaren aurretik, ordea, eta skate-az lasaiago gozatzeko, bihar arratsaldean hasiko dira zaleak, skate entrenamendu libreak egiten, musikaz lagunduta. Jarraian kanpin dendak jarriko dituzte, eta barbakoa egingo dute afaltzeko.

Larunbatean, berriz, 11:00etatik aurrera jolasekin hasiko dira, eta bazkariaren ondoren, 15:00etan hasiko da txapelketa ofiziala. Sariak banatutakoan, berriz, Kikara tabernan jarraituko dute festarekin, gauean, eta DJen musikaz lagundurik, opari bereziak izango dira.

Tolosako III. Skate txapelketa

Uztailak 12, bihar

18:00. Entrenamendu libreak egiteko aukera izango da, musikarekin, eta gauean barbakoa afalduko dute. Ondoren, kanpaldia egingo dute.

Uztailak 13, Etzi

11:00. Hasiera, joko eta jarduerekin.

13:30. Bazkaria.

15:00. Skate txapelketaren hasiera.

20:00. Sari banaketa izango da. Skate materiala eta oroigarriez gain, 400 euro banatuko dituzte, guztira, ordain saritan.

p23:00. Festa egingo dute Kikara tabernan, eta DJen musikaz gain, zozketak, opari bereziak eta antzekoak izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!