BOX.A arte elkarteak hirugarren azoka antolatu du hilaren 20rako, eta osatu dute jada, egitaraua
BOX.A arte elkarteak hirugarren azoka berezia antolatu du uztailaren 20rako, eta osatu dute jada, egitaraua. Musika eta afaria izango dira, egitasmoa borobilduko dutenak.
Elkartearen funtsa den artea beti abiapuntu izan duten arren, azoka honen kasuan eskuz eginiko gauzen erakusleiho bilakatu nahi izan dute, San Esteban auzoan duten txokoa.
Eskuz egindako gauza hauek, gainera, Tolosan egindakoak izatea bilatu dute antolatzaileek, eta horrela, Made in Tolosa, %100 Tolosan egina izenburupean aurkeztu dute ekimena; Tolosaldeko herritarrek ere postua jartzeko aukera izango dute. Honen harira, doakoa izango da azokan postua jartzea, eta gu@boxagara.com helbidean eman beharko da izena.
Azokan erakusgai izango diren produktuak askotarikoak izango dira: artea, artisautza, janaria, osagarriak nahiz gauza bitxiak egiten dituztenek postua jartzeko aukera izango dute, beraz.
Azkenik, BOX.A arte elkarteko antolatzaileek azokaren kokalekua zehaztu nahi izan dute, hilaren 20an postuak ikustera joan nahi dutenentzat. San Esteban auzoko 19. zenbakian izango dira postuak, eta auto garajetik aurrera joanda iritsi daiteke.
Made in Tolosa
Uztailak 20, larunbata
16:00-18:00. Azoka irekiko dute, eta bitartean, haur eta gaztetxoentzat txapa tailerra izango da.
18:00-20:00. Zuzeneko musika eskainiko dute musikariek, postuen alboan.
21:00-22:00. Afaria egingo dute, paellarekin.
22:00-01:00. Bideoklip gaua, azoka amaitzeko.