San Esteban eraberritzeko planaren abiapuntua zehaztu du udalak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko uzt. 10a, 11:05

40 herritarren parte hartzearekin, hirigintza planerako irizpideak adostu ditu Tolosako Udalak, bi hilabetean

Udazkenean lehiaketara aterako du udalak, hirigintza plan ofizialaren erredakzioa.

Tolosako Udalak Laskorain Goikoa edo San Esteban eremua eraberritzeko plana idazte bidean, parte hartze prozesua abian jarri zuen auzotar nahiz herritarrekin; maiatzetik hona egindako bileretan, adostu dituzte jada, plan ofiziala idazteko oinarriak.

Astero-astero egin dituzte bilerak, eta bataz beste 40 lagunek parte hartu dutela azaldu du Tolosako Udalak. Batzar horietan, gainera, bi ildo nagusiren inguruan aritu dira parte hartzaileak: batetik, auzunearen etorkizuna izan dute hizpide, baina era berean, eguneroko beharrak jorratzea ere aldarrikatu dute bizilagunek.

Honenbestez, eta San Esteban auzoa eraberritze bidean, bi prozesu garatu dituzte bilera horietan. Etorkizunean Laskorain Goikoa eremuak nolakoa izan beharko lukeen eztabaidatu dute batetik, eta besteak beste, udalaren asmoa auzoak zer eskaini beharko lukeen erabakitzea izan da; herriko eragileekin aritu dira horretan. Bestetik, eta egungo beharrei erantzute aldera, auzotarrek 30 zehaztapen egin dituzte proposamen gisa.

Etorkizuneko auzora begira jartzeko, Tolosako Udalak aurrez adosturiko zenbait irizpide markatu ditu bileretan aurkezteko, eta hauen inguruan, parte-hartze prozesuko 40 lagun horiek, beren ekarpenak egin dituzte.

Honenbestez, datorren udazkenean idazte bidean izango den plan ofizialaren aurrekariak finkatu dituzte. Lehenik eta behin, auzo bizi eta alai bat sortzea nahi dute bizilagunek, eta era berean urbanistikoki orekatua eta erakargarria izatea nahi dute; auzo oso bat nahiko lukete, gaur egungo banaketarik gabekoa.

Bide beretik, eta etxebizitzei dagokienez, gaur egungo eraikinak lehenestea proposatu dute bizilagunek, eta etxe berriak eraikiko balira, eraikin guztien artean oreka bat izateari ere garrantzia eman diote.

Auzoko garapen ekonomikoari begira ere jarri dira parte hartze prozesuan, eta auzoan nahiz herrian garapenerako aukerak eskaintzea azpimarratu dute, batez ere, San Estebanen bertan egoitza duten euskarazko hedabideak, Bonberenea nahiz BOX.Aren moduko eragileak indartuz. Bide horretan, euskara, kultura eta sormena indartzea da helburuetako bat.

Azkenik, auzoaren itxurari dagokionez, gaur egun San Estebanek duen berdetasuna mantentzea irizpideetako bat izango da plaza idaztea abiapuntuan; aisialdirako aukera berriak eskaintzea proposatu dute, eta adin guztietarako egokian diren azpiegitura eta ekipamenduak izatea.

Plana idazteko lehiaketa

Aipaturiko irizpideak Laskorain Goikoa eremuko urbanizazio plan orokorraren aurrekari izango dira, eta hain zuzen, datorren udazkenean aterako du, Tolosako Udalak, erredakzioa egiteko lehiaketa.

Plana idazten hasten direnean ere, bileretan parte hartu duten herritarrekin etengabeko harremana mantenduko du udalak, suerta daitezkeen egokitzapenak eta antzekoak adosteko.

Honenbestez, Tolosako Udalaren web atarian eskuragarri dute, nahi duten herritarrek, parte-hartze prozesuko akta.

Urbanizazio irizpideak

Auzo bizia. Auzo bizi eta lasaia izatea.

Orekatua. Hirigintza aldetik orekatua eta erakargarria izatea nahi dute, eta banatuta ez egotea.

Etxebizitzak. Eraikitzen badira, aurrekoen eta berrien artean oreka mantentzea.

Auzoaren garapena. Auzo dinamikoa izatea nahi dute, bertako eragileekin euskara, kultura eta sormena bultzatuz, eta etorkizunean garapen ekonomikorako bideak irekiz.

Auzo berdea. Orain arte auzoak izan duen berdetasuna mantentzea eta aisialdirako aukerak izatea.

Azpiegiturak. Adin guztietako bizilagunentzat ekipamendu nahiz azpiegitura egokiak izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!