Eskalatzen trebatu nahi duenarentzat ikastaroa, Oargi elkartean

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko uztailaren 10a

Hilabete amaierarako Europako Mendietara irteera antolatu dute; uztailaren 19rako izena eman beharko da

Eskalatzen trebatu nahi dutenei begira, oinarrizko ikastaroa antolatu du, Tolosan, Oargi mendi elkarteak.

Saioak uztailaren 15, 17, 19 eta 20an izango dira, eta ordutegiari dagokionez, berriz, 19:00etan hasi, eta 21:00ak bitarte ariko dira eskalatzen.

Lehen hiru eskalada saioak Oargiren egoitzan bertan izango dira, Tolosako Santa Maria kalean. Azken saioan, berriz, larunbatean, rokodromoan ikasitakoa praktikan jarriko dute, inguruko eskalada eskola batean.

Ikastaroan aritzeko, arnesa, katu oinak eta kaskoa beharko dituzte parte hartzaileek; materialik ez duenak, dena den, elkartean bertan eskuratu ahal izango du.

Izena emateko, 688 69 86 42 zenbakira deitu daiteke, eta baita info@oargi.org helbidera mezua idatzi ere. Uztailaren 12a izango da horretarako azken eguna.

Europako Mendietara irteera

Uztailaren 25etik 28ra Europako Mendietara irteera antolatu du Oargik.

Besteak beste, Covadongako lakua, Vegarredonda aterpea, Peña Santa de Castilla mendia, Torre de Santa Maria eta Torre de la Horcada mendiak nahiz Enol lakua bezalako parajeak bisitatuko dituzte, eta kaskoa, arnesa eta rapel egiteko materiala eraman beharko da.

Hilaren 19a baino lehen, 68869 86 42n edo info@oargi.org-n izena ematerakoan, 20 euro sartu beharko Euskadiko Kutxako 3035 0028 11 0281141038 kontuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!