Osasuna eta prebentziorako astea antolatu du DYAk, aste honetan Tolosan

Ataria 2013ko uztailaren 10a

DYA Gipuzkoako Irakaskuntza Eskolak Osasuna eta Istripuen prebentzioaren astea antolatu du aste honetan Tolosan. Doako arduerez beteriko astea da, non eguneroko hitzaldien eta tailerren bidez eta aste amaieran istripu baten simulazioarekin, ahalik eta pertsona kopuru handienari gaixotasunak eta istripuak saihesteko eta galdutako kasuan osasuna eta ongizatea suspertzeko oinarrizko kontzeptuak irakatsi nahi diren. Hitzaldiak eta tailerrak herenegun hasi zituzten, eta ostirala bitarte egingo dituzte, 19:00etatik 21:00etara Tolosako DYAko ordezkaritzan, Larramendi kaleko zazpigarren zenbakian.

Bada, herenegun ohiko larrialdiez eta egoera horietan izan beharreko jokabideari buruz aritu ziren, eta atzo, hesgailuen oinarrizko tailerra egin zuten. Gaurkoan, etxeko istripuen prebentzioari buruzko hitzaldia emango dute, eta erredurez, erorketez edota intoxikazioei buruz ariko dira.

Bihar, bihotz-biriken suspertzeari buruzko tailerra emango dute, eta bertaratzen diren guztiek oinarrizko mugimenduak praktikatu ahal izango dituzte, eta etzi, Zure bihotza zaintzea hitzaldia izango da. Bertan, bizitza osasungarri bat eramateko kontuan izan beharreko alderdi guztiez hitz egingo dute.

DYAtik esan dutenez, jarduera guztiak «oso parte-hartzaileak» dira non azaldutako eduki teorikoez gain, bertaratutakoen testigantzek eta parte-hartzaile guztien kontsulta eta iritziekin mahai inguru batek lekua izango duten. Bestalde, nahi duen herritar orok izango du parte hartzeko aukera, doan. Hala, interesatuek nahi duten tailer edo hitzaldira joan ahalko dute. Hori bai, joan aurretik 943 46 46 22 telefono

zenbakira deitzea edo irakaskuntza.eskola@DYAgipuzkoa.com helbide elektronikora mezua bidaltzea gomendatu dute.

DYAko ordezkariek azaldu

dutenez, «35 urte larrialdiez arduratzeak zerbait erakusten badu zera da, prebentzioa dela gako nagusiena istripuak gutxitzeko eta gaixotasunen agertzea saihesteko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!